Dagoeneko 200 Lurkide daude

Guaixe 2013ko abenduaren 20a

Deikaztelu eta Itsaso arteko goi tentsioko linearen kontrako beste 47 eragileren babesa bilatuko dute orain

Autopista Elektrikorik Ez! plataformak Geroa lurretik hasi leloa duen kanpainari ekindio, Lurkideak lortzeko. Argindar linea egiteko 247 dorre jasotzea aurreikusia dago. 200 elkarte, erakunde edo norbanako egin dira Lurkide. Hala, dorre bakoitzaren oinarriak hartuko duen 10 x 10 metro lur sailak babestuko du, haren jabetza hartu gabe. Falta diren 47 Lurkideak proiektua ukituko ez duen beste eskualdeetako eragileen artean bilatuko ditu plataformak.

Bestalde, plataformako abokatu eta bozeramaile Alberto Friasek azaldu du toki erakundeek aurkeztutako alegazioei Red Electrica Españolak emandako erantzuna “desegokia eta zuzenbidearekin zerikusirik” ez duena dela. “Enpresak orain arte jaso gabeko justifikazioak ematen ditu, proiektuan jaso gabeak ziren. Benetako helburua argindar soberakinaren esportazioa da, ez ukitutako eskualdeak hornitzea”. Enpresaren argudio horiek Nafarroako Gobernuaren jarrera agerian utzi duela azaldu du Friasek, hornitzea bermatzeagatik babestu zuelako proiektua. Friasek gogora ekarri du egitasmoak ikututako toki erakundeen oposizioa duela.