SEEk SEPAri buruzko jardunaldia antolatu du

Guaixe 2013ko abenduaren 21a

Otsailean jarriko da indarrean Europan Eurotan Ordaintzeko Eskualde Bakarra (Sigle Paymenst Area, SEPA, ingelesez). Horrekin ordainketa bideen europar sistema partekatu bat eta eskualde bakar bat sortuko dira. Hala, ordainketa elektroniko guztiak etxekoen parekotzat hartuko dira (kreditu- eta zor-txartelekin egindakoak edo banku transferentziak edo debitu direktoak bezala).

Sistema erabat ezarrita egotean, eurotan ordainketa merkatu bakarra izanen da, ordainketa guztiak integratuko diren, bai estatukoak bai nazioartekoak. Beraz, SEPA ordainketa baliabideek gaur egun eurotan ordaintzeko erabiltzen direnak ordezkatuko dituzte.

Enpresa eta norbanakoei aldaketa horiek ezagutarazteko Sakanako Enpresarien Elkarteak (SEE) jardunaldia antolatu du. Ilbeltzaren 14an izanen da, asteartean, 18:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean. Interesatuak personal@aesakana.com e-postara edo 948 468 307 telefonora jo.