Behiak dopatzeagatik inputatutako abeltzainak ez du Lacturalekin zerikusirik

Guaixe 2013ko abenduaren 20a

Berriki bere behiak dopatzeagatik Erroibarren abeltzain bat inputatu dute. Lacturalek jakinarazi du abeltzain horrek ez duela haiekin zerikusirik. Brucela operazioan Sepronak abiatutako ikerketan 100 pertsona baino gehiago ikertzen ari dira, nonbait hainbat behitegietan esne produkzioa handitzeko asmoz euren aabelburuak behi-somatotropina hormonarekin dopatzeagatik. Aipatu hormona debekatua dago Europan, abereei lesio larriak sortzeagatik eta pertsonen osasunengan dituen efektuengatik. Inputatutakoen artean Erroibarko abeltzain bat eta Irurtzungo enpresa bat daude.

Bere oharrean Lacturalek oroitarazi nahi du Lacturale, maila nazionalean eta nazioartean saritutako esnea izateaz gain, Nafarroako Ekoizpen Integratuan Ziurtatutako esnea dela. Honek “elikagaien segurtasunean exigentzia handiagoa, ingurunearekiko errespetua eta animalien ongizatea” bermatzen duela nabarmendu dute Lacturaletik.