Bilaketa filmiko bat

Guaixe 2013ko abenduaren 23a

Emak bakia filma, etzi, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean. Doan, gonbitea jaso

Altsasuko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak, Euskara sorkuntzari, sorkuntza euskarari izeneko programaren barruan, Emak bakia baita filma ikusteko gonbitea luzatu dute.  Oskar Alegria zuzendari iruindarraren lan saritua da pantailaratuko dena. Zinta horretan egileak berak abiatutako bilaketa baten istorioa kontatzen du.

Man Rayren 1926ko film batean, Emak Bakia, Miarritzetik gertu dagoen izen bereko etxe baten hiru plano agertzen dira. Oinarri horrekin Alegria etxe horren bila abiatzen da eta, horretarako, hainbat berriemaileren laguntza jasoko du.

Udalak eta Mank-ek  programa horren bidez Sakanan helduendako euskarazko filmen ikusle kopurua handitu nahi dute. Izan ere, Iortia kultur guneak zinema-programazio egonkorra eskaintzen du urtean zehar, eta euskaraz sortu edo itzulitako familiendako filmak proiektatzen ditu hilero; noizbehinka, helduendako filmak proiektatzen ditu, baina ikusle gutxi jaoten da. Ohitura hori sustatzeko bi erakundeek zinemara doan joateko gonbitea luzatu dute.