Irurtzun
Irurtzungo haurrak adar eta zintzarriekin aterako dira kalera astearte arratsaldean. Haien deia entzunda, 18:30ean iritsiko da Olentzero Irurtzungo Plazaolako zubira. Iskidi taldeko joaldunak eta pertsonaia mitologikoak, Orritz dantza taldea, txistulariak, gaiteroak, trikitilariak, akordeoilariak, musika eskolako fanfarrea, Irurtzungo koroa, Atakondoa eskolako guraso elkartea… izanen ditu zain. Jai giroan, kalejira jendetsua eginen dute, tarteka-tarteka dantzatzeko eta abesteko geldituz. Herriari buelta eman eta gero, plaza iritsiko dira. Bertan Olentzerori abesteko prest egonen da herriko abesbatza. Gabon kantak, dantza herrikoiak eta Agur jauna ez dira faltako. Bitartean, gaztainak eta intxaurrak banatuko dituzte.
Etxeberri
Astelehenean, 18:30 aldera, basotik jaitsiko da ikazkina eta askan eginen dute harrera. Haurrek Olentzerori gutunak eman ondoren, elkartera joko dute. Txistulariak lagun ikazkinari omenezko kantuak abestuko dituzte eta hark kantariekin eskuzabal izaten jakinen du, bere boltsan beti gozokiren bat edo beste izaten baitu. Taloak, txokolatea eta gaztainak dastatzeko aukera izanen dute bildutako guztiek. Akaberan, lagun ikustezinaren opariak banatuko dira.
Etxarren
Asteartean, ohi bezala Urritzola aldetik iritsiko da Olentzero Etxarrenera, 16:30ak aldera. Eliza-sarreran harrera eginen diote. Musika alaitutako kalejiran abiatuko dira guztiak, Olentzerok aldean dituen goxokiak banatzen dituen bitartean. Frontoian bukatu dute ibilbidea eta han ikazkinak ekarri dituen opariak banatuko ditu. Horren ondoren, helduendako auzatea eta haurrendako txokolatea izanen dira.
Zuhatzu
Igandean, 18:00etan jaitsiko da ikazkina menditik. Autobus geltoki ondoan harrera eginen diote, zuzi argi eta trikiti doinuz lagunduta. Harrera egin ondoren elkartera joanen dira. Sarreran Olentzerori dantza eskainiko diote eta, gero, barruan berak txikiei opariak banatuko ditu. Egitekoak despeditu ondoren, guztiendako otamena izanen da.
Satrustegi eta Hiriberri
Satrustegiko elkartean dago hitzordua jarrita asteartean 17:30ean. Han bilduko dira bi herrietakoak, txokolate beroak erakarrita. 18:30ak alderako Olentzerori merezitako harrera egiteko guztia prest izanen da Satrustegin. Gurdira igo eta Hiriberrirako bidean jarriko dira guztiak, 19:00etan, kalez kale kantari ariko dira. Bidea Txitera elkartean bukatuko dute, han agurtuko baitute ikazkina. Geldinzten direnak, berriz, otamen ederra izanen dute zain.
Ihabar
Gurdi gainean, Andiatik 18:30ak aldera jaitsiko da Olentzero Ihabarra. Txistu eta kantuz lagunduta ihabardarrek herrian barna gidatuko dute, ibilbidea plazan despeditzeko. Ikazkinak aukera baliatuko du poltsan dituen jolasak txikienen artean banatzeko. Hura agurtu ondoren, gaztainak eta sagardoa izanen dira.
Irañeta
Andiatik jaitsiko da ikazkina asteartean, 18:00etan. Irintarrak trikitilariak eta momotxorroren bat lagun dutela, Olentzerok herriari bisita eginen dion bisitan kantari ariko dira. Kalejira bukatzean ikazkinak gurdian ekarri dituen opariak banatuko ditu. Hura agurtu eta gero, Txapel Azpi elkartearen zarea zozketatuko da. Jan-edanik ez da faltako.
Uharte Arakil
Urtero moduan Iruñeko Sanduzelai auzoko 600 bat pertsona espero dituzte astelehenean, 17:00ak aldera, Uharte Arakilen. Aralar magalera joko dute Olentzerori gutuna emateko.
Astearte goizean paskuan amores eskean ariko dira txikiak etxez etxe, goxokiak eta dirua bilduz. Eguerdian, guztiak eta joaldunak bazkaltzera elkartuko dira. Ikazkina eta Mari Domingi Beriaindik 18:00ak aldera jaistea espero dute Uharten. Txalapartariak eta joaldunek eginen diote harrera eta segituan herrian barna abiatuko da segizioa. Frontoian dantzariek dantzak eskainiko dizkie bisitariei. Bukatzean txiki eta gaztetxoek goxokiak jasoko dituzte eta helduendako ardo egosia izanen da.
Arruazu
Ubeldeko zubian zain izanen ditu Olentzerok arbazuar gazteak, 19:30ean. Herrira gidatu eta han, musika lagun, kalez kale kantari ariko dira guztiak. Adindu eta gaixoen etxeetan geldialdia eginen dute Olentzero haiei opariak emateko. Itur-gain elkartean despedituko dute guztiek ibilbidea eta han Olentzerok opariak banatuko ditu. Guztiendako gaztaina erreak izanen dira.
Lakuntza
Lakuntzako gazteek eta haurrek Biltoki elkartea apainduko dute astearte goizean, 11:30ean, arratsaldean Olentzerok polit-polit aurki dezan. Iluntze aldera lakuntzarrek ibai aldera joko dute, Olentzeroren bila. Bertan, dantzariek eta baserritarrez jantzitako haurrek ongi etorri beroa eginen diete Aralartik jaitsi berri diren Olentzerori eta Mari Domingiri. Jarraian, herrian barnako kalejirari ekinen zaio. Elai-Alai dantza taldeko dantzariek, gaiteroek, txistuek eta fanfarreak alaituko dute ibilbidea. Tarteka, geldialditxoetan, Elai-Alai taldearen dantzez eta Lakuntzako abesbatzaren kantuez gozatzeko parada izanen da. Ibilian-ibilian, Biltokira iritsiko dira. Bertan, gaztainak eta txokolatea banatuko dituzte. Olentzerok haurrei bere istorioa kontatu eta gero, Euskal Herrian Euskarazekoek pertsonaia berria aurkeztuko dute: Mari piper saltsera, saltsa guztietarako piperra. Ondoren, Olentzerok opariak banatuko ditu.
Arbizu
Herriko txikiak Olentzero etorriko dela iragarriko dute asteartean. 18:30ean plazan bilduko dira eta gurdia hartuta arbizuarrak Txemiñaga aldera joko dute, Aralar aldetik jaitsiko baita Olentzero. Trikitilarien doinuek lagundutako kantuek eginen diote harrera ikazkinari. Gurdira igo eta arbizuarren laguntzaz herrira joko dute guztiek. Akerruntza eta beheko auzoa bisitatu ondoren, plazara joko dute guztiek. Bidean goxokiak eta gaztainak banatuko ditu ikazkinak. Argi-Bidea elkartean, berriz, haren eskutik haurrek opariak jasoko dituzte.
Dorrao eta Unanu
Lezizatik Dorraora iritsiko da Olentzero, 18:00ak aldera. Harrera egin ondoren, gurdian igo eta plazara joko dute. Kantuekin ikazkinaren belarriak eztituko dituzte eta hark, esker onez, goxokiak eta pastak banatuko ditu. Ondoren, Unanura joko dute. Kantuan, musika lagun, herriko kaleak ibili ondoen, plazan kantu gehiago izanen da. Atzera ere, ahoa gozatzekoak banatuko ditu Olentzerok. Txikiek Olentzerori azken eskaerak egiteko aukera izanen dute orduan.
Lizarraga
Ikazkina mendian opatu duten bi laguntzailek erakutsiko diote Lizarragako bidea, horregatik ez azken unera arte ez da jakingo nondik etorriko den. Baina berria azkar zabalduko da eta lizarragatarrak harrera egiteko prest izanen dira 18:00etarako. Gurdian igota herria bisitatuko du, trikitilarien eta kantuen doinuekin. Zugainen jatekoak dastatzeko geldialdia eginen dute eta ibilbidea kalez kale segituko dute Azi-Iturri elkartean bukatzeko. Han denendako jatekoak izanen dira.
Etxarri Aranatz
Etxarri Aranazko haurrek etxez etxe “pazkuen amores” eskean hasiko dute eguna. Arratsaldean, 17:00etan, Aldapasoro auzoan bilduko dira etxarriarrak, Olentzeroren zain. Txokolate bero-beroa hartzeko aukera izanen da. Antortxen suek iragarriko dute Olentzero Aritzalkoko basotik badatorrela. Etxarriarrek dantza eta kantuekin eginen diote harrera. Olentzero gurdira igoko da, eta, kalejiran, herrirako bidea hartuko dute etxarriarrek, txistulariek eta trikitilariek lagunduta. Kantu eta musika artean herriko plazara iritsiko dira. Bertan, omenezko dantza eginen diete herriko dantzari txikiek eta Olentzerok plazan bertan banatuko ditu gozokiak.
Bakaiku
Ikazkinaren bila atera aurretik, 17:00etan, txokolatada izanen da Bakaiku elkartean. Zulanpeko bidetik iritsiko da Olentzero Bakaikura. Horren jakitun, harantz joko dute herritarrek, ikazkin handiari harrera egiteko. Akordeoilarien laguntzaz, kantuan, guztiak oinez kalejiran abiatuko dira herrian barna. Beheko baserrietan agurtuko dute Olentzero. Eta handik bueltan, herrian, auzatea izanen da.
Iturmendi
Olentzero gurdi gainean 19:00 aldera agertzea iragarrita dago Iturmendin. Kantuz harrera egin eta trikitilarien doinuak lagunduta kantuan kalejiran abiatuko dira segituan. Ibilbidea frontoian despedituko dute. Guztiendako intxaurrak eta ardo egosia izanen dira. Olentzero agurtu aurretik, Biltokiko gazteek euren zarea zozketatuko dute.
Urdiain
Olentzero astoa eta bere laguntzailearekin etorriko da menditik. Hitzordua arratsaldeko 18:00ak aldera jarri dute Bentan, eta ilundu bezain pronto, herriko txistularien eta dantzarien laguntzarekin herrian barna ibilbidea egingo dute urdiaindarrek. Bi gurdi prestatu dituzte herriko gazteek egun honetarako. Ibilbidean zehar geldialdiak egingo dira Urdiaingo dantzarien dantzekin gozatzeko.
Bukaeran Olentzerori musu emateko aukera egongo da, eta ardo egosia eta pikuak dastatzeko aukera.
Altsasu
Egubera taldeak, Altsasuko 3 ikastetxeek eta herriko kolektiboek Olentzerori harrera egiteko egitarau oparoa prestatu dute. Ostiralean, 19:30ean, Iortia Kultur Gunean bilduko dira altsasuarrak, Olentzeroren kantak entseatzera. Eta astelehenean txondorra eta eskenatokia prestatuko dituzte, 9:00etan.
Asteartean goizean hasiko dira ospakizunak. 11:00etan eskolaniako eta fanfarreko ikasleak Musika eta Dantza eskolako atetik kalejiran abiatuko dira plazaraino, Mari Domingirekin bat egiteko. Aurrekoei txistulariak batuko zaizkie, eta guztiek kalejiran jarraituko dute, Zumalakarregi plazaraino. Bitartean Mari Domingik haurrek Olentzerori idatzitako gutunak jasoko ditu. Zumalakarregin hamaiketako goxoa egingo dute.
Arratsaldeko 17:00etan plazan dago hitzordua jarrita, Mari Domingirekin eta Altsasuko dultzaineroekin batera Dantzalekuraino joateko. Izan ere, menditik Dantzalekura jaitsiko da Olentzero, 17:45ean. 18:00etan, dantzariek harrera eginen diote ikazkinari San Pedroko Bideko biribilgunean. Ondoren kalejiran ibiliko dira herrian barna, fanfarre, txistulari eta kantariekin. 18:45ean geldialdia egingo da Zumalakarregin. Bertan, txondorra prest izango dute eta Olentzerok bere lanbidea nolakoa den azalduko du eta Mari Domingirekin batera, askaria banatuko die bildutakoei. Hurrengo geldialdia Iortia plazan eginen dute, 19:15ean, mihura banatzeko, San Juan bezperan erre dezaten. Olentzeroren kalejira Foruen plazan despedituko da. Eskenatokian eseriko da ikazkina eta dantzariak, fanfarrea eta abestiez lagunduta agurtuko zaio ikazkinari.
Olazti
Domekan, 18:00etan, Akelarre ludotekan Laminatuturren bisita izanen dute haur olaztiarrek. Ikazkinari idatzitako eskutitza eskura emango diote, honek gero Olentzerori eman diezaion. Asteartean, 18:30ean, Belen iturritik etorriko da Olentzero. Herrian barna trikitixaren laguntzarekin kalejiran ibiliko dira eta bukaera ekitaldia frontoian izango dute. Bertan, gaztaina erreak eta konpota jateko aukera izango da. Goizean frontoia apaintzera bilduko dira.
Ziordia
Ziordia Bizirik plataformak eta Gaztetxeak prestatuko dute Olentzeroren festa. Goizean herriko neska mutikoak puska eske eta kantuan ariko dira etxez etxe, urteroko Agur-agurrean. Bildutako guztiarekin arratsaldean meriendatxoa egingo dute. Bestalde, iluntzerakoan, 19:00ak aldera, Olentzero menditik jaitsiko da eta herriari buelta emango diote bildutakoek, trikitixa lagun. Gaztetxean jarraituko du festak. Auzatea egonen da eta haurrek Olentzerori eskutitza eskura emateko aukera eta harekin hizketan egoteko parada izango dute.