Dagoeneko hasiak diren jai egun eta ospakizun egunetan murgilduak gauden honetan hainbat gomendio luzatu edo gogorarazi nahi dizkiegu interesa duten guztiei: gazteak, helduak, zaharrak, gurasoak, politikariak, gidariak, emakumeak, gizonak, neskak, mutilak,….
Gomendio hauek gure bizitza arriskurik gabekoa eta osasuntsuagoa egiten lagunduko digute. Kontsumoarekin lotuak dauden gomendioak dira hain zuzen ere.
Gure gizartean, denok dakigun bezala, ospakizunetan alkohola eta beste sustantzia batzuk kontsumitzea oso barneratuta dago. Horregatik egun hauetan egin ohi ditugun ospakizunetan, gelako afariak edo bazkariak, laneko afariak eta bazkariak, familia arteko bazkari eta afarietan… sustantzia batzuk kontsumitzen direnez, gure gomendioa neurriz egitea da. Helburua ondo pasatzea da, beraz hobe neurriz jokatzea pasatzea baino, ezin dugu ahaztu kontsumo guztiek beren arriskuak dituztela.
Gure gorputzari kanpotik sartzen dizkiogun sustantziak nola eragingo dioten aurretik ez dakigunez, kontsumitzea erabakitzen baduzu, kontsumoak pixkanaka eta lasaitasunez egitea da egokiena; oso epe laburrean alkohol kantitate handia hartzen badugu, bat-batean edandakoaren eragin guztia sentituko dugu eta alderantziz pixkanaka edaten joanez gero, pixkanaka ere nabarituko dugu eragina eta errazago izango dugu gelditzea oso pasatuta egotera iritsi gabe.
Askotan, ospakizun hauekin batera autoarekin joan-etorriak daude. Beste herri batzuetara mugitzen gara eta gero etxera bueltatu beharra dago. Kontsumoen ondoren gure zentzumenak eta gaitasunak ez dira betikoak, gutxituak daude; horregatik gure lehen gomendioa autoa hartu behar badugu ez edatea edo ez kontsumitzea litzateke, baina hala ere, egin nahi badugu, autoa ez erabiltzea da hoberena. Edan ez duen beste norbaiti eramateko eskatu, taxia deitu…
Badago gazteen artean gero eta zabalduagoa dagoen ohitura bat: autoa eramaten txandakatu egiten dira eta gidatzea tokatzen zaionari ez du kontsumitzen. Beraiek eredu izanik, helduak ere gauza bera egin dezakete eta arriskurik gabeko ospakizunak izan. Denok nahi dugun helburua betez, ONDO PASATZEA PASATU GABE!!!