Aralarrek mendigoizaleak batu zituen

Guaixe 2013ko abenduaren 24a

Mendizaleak Aralarren. Argazkia: Araceli Markotegi.
49. Mendigoizaleen Eguna ospatu zen

Igandean mila pertsona inguru bildu ziren Aralarren, 49. Mendigoizaleen Egunean. Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatuta, hildako mendizaleak gogoratzeko eguna eta mendizaleak elkartzeko eguna izan zen Mendigoizaleen Eguna, Eguberrien aurreko igandean urtero ospatzen dena.
Mendizale gehienak Uharte Arakildik atera ziren Aralarrera igotzeko, baina Lakuntzatik, Madoztik, Baraibartik eta Iribastik ere abiatu ziren mendigoizaleak, santutegia helburu. Eguzkia lagun, mendian ibiltzeko egun paregabea zen. Mendi puntan txuri, baina bestelakoan bidea primeran zegoen eta izugarri disfrutatu zuten mendizaleek.

Santutegian hildako mendizaleen aldeko meza eman zuen Mikel Garziandiak, eta mendizaleek aldarean utzitako materiala bedeinkatu zuen kaperauak. Ondoren, eta trikiti doinuak lagun, hamaiketako bikaina izan zen, Aralarko ostatua kudeatzen dutenek prestatutakoa. Anaitasuna kluba izan zen festako antolatzailea, eta hurrengo urtean ere klub berberak hartu du festa prestatzeko ardura, klubaren 50. urteurrena ospatuko baita.

Nafarroako Mendi Federazioko presidente Martin Montañesek azaldu zuenez, “galdu ezin den egun polita da Mendigoizaleen eguna”. Presidenteak gaineratu zuenez, 2013an 8.512 mendi lizentzia atera dira.