Duela 30 urte onartu zen Euskararen Legeak ez du euskarazko zerbitzurik bermatzen

Guaixe 2013ko abenduaren 26a

Haiek eremu euskaldunean bermatzeko planik ez du Nafarroako Gobernuak, ezta asmorik ere

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkariak azaroaren 19an Nafarroako Parlamentuan izan ziren euren herrietako osasun etxe eta liburutegietan herritarren hizkuntza eskubideak zapaltzen zirela salatzeko, konponbidea eskatuz eta elkarlanerako prestu azalduz.

Agerraldi horren ondoren Aralar-NaBai eta Bildu talde parlamentarioek hala eskatuta Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria eta Javier Morras Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak Nafarroako Parlamentuko batzorde banatan izan ziren pasa den ostegunean. Biek ere legea bete egiten dela adierazi zuten. Hala ere, euskara ezin dela inposatu esanez, administrazioaren euskalduntzea langile publikoen borondatearen neurrira egokitu beharreko zerbait bailitzan aurkeztu zuten. Gogora ekarri zuten administrazioko langile publikoak euskara ikas dezaten zerbitzu batzuk eskaintzen ditu Nafarroako Gobernuak, lanpostu batzuetan euskara meritu gisara baloratzen da.

UEMAko kideek gogora ekarri dute Euskararen Legeak herritarrei aitortzen diela eurek aukeratutako hizkuntzan atendituak izatea. Baina “Nafarroako Gobernuak ez du euskarazko zerbitzurik bermatzen eremu euskalduneko administrazio publikoan, ez eta udalerri euskaldunetako liburutegi eta osasun etxeetan ere”. UEMAtik nabarmendu dutenez, “ez dago administrazioa euskalduntzeko planik, ezta borondaterik ere, eta hori bereziki kezkagarria da”. Euskararen normalizazioaren bidea elkarlanean egiteko borondatea berretsi dute UEMAtik.

UEMA
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko baldintzetako bat da, bertako biztanleen %70 baino gehiagok euskaraz jakitea. Eta Nafarroan errealitate soziolinguistiko hori betetzen duten 33 udalerri daude, udalerri horietan 35.000 herritar inguru bizi dira. Horietatik 14 udalerri dira UEMAko kide, ia 27.000 biztanle guztira, tartean Arbizu eta Etxarri Aranatz.

Tipologia soziolinguistiko horretako udalerri nafarrek oso hizkuntza politika bereziak behar dituzte, eta UEMA behar horiei erantzuten saiatzen da. Izan ere, gaur egun beste administrazio batzuetatik ez dira udalerri horietako herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen, eta ez dira, ezta ere, udal horiek eta herritar horiek dituzten behar linguistikoak asebetetzen.