Etxepare saria deitu dute

Guaixe 2013ko abe. 26a, 10:10
Haurrendako album ilustratu bat argitaratuko da

Haurrendako irudia eta testua uztartuz istorio bat kontatu nahi duten album ilustratuen egileak aurkeztu daitezke Etxepare sarira. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Nafarroako beste hainbatekin batera antolatu dute.

Sariketara euskaraz idatzitako lanak aurkeztu daitezke; jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar dute. Bakarka edo idazle eta ilustratzaile bikoteak aurkeztu daitezke lehiaketara. Azken bi deialdietan saritutako sortzaileek ezin izanen dute parte hartu. Formatuari dagokionez, librea da, baina 20 cm x 21 cm baino txikiagokoak izanen  dira eta gutxienez, 15 orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuari dagokionez, 4.000 karaktere (zuriuneak barne) baino gehiago ezin dute izan.

Lan originalarekin batera lau CD-rom aurkeztu beharko dira, plika sistema erabiliz. Maiatzaren 23a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak, Leitzako Udalaren Euskara Zerbitzuan (Elbarren, 1, 31.880, Leitza). 5.000 euroko sari bakarra izanen da eta Pamielak argitaratuko du.