Erantzun ederra jaki bankurako bilketan

Guaixe 2013ko abenduaren 26a

8.933 kilo elikagai jaso ziren bi egunetan

Azaroaren 29an eta 30ean Altsasuko lau denda handitan Nafarroako Jakien Bankua fundaziorako elikagai bilketa egin zen. Fundazioak jakinarazi duenez, nafarrek 378.000 kilo jaki eman zituzten. Horiei Coviranek eta Eroskik emandako jakiak gehituz gero, guztira, 400.755 kilo jaki bildu ziren bi egunetan. Horietatik 8.933 kilo sakandarrek eman zituzten (BMn 2.248, DIAn 2.665, Eroski Centerren 3.177 eta 843 Eroski Cityn).

Sakanako bilketako arduradunek esan digutenez, “oso erantzun ona izan da”. Beste ondorio bat ere izan zuen bilketak: denda horien ondoan eskean zeuden pertsonek normalean baino gehiago jaso zuten. Bi egunetan, txandaka, 37 pertsona egon ziren denda handietan elikagaiak jasotzen. Haietaz aparte, beste 5 pertsona batetik bestera ibili ziren.

San Silbestrean
Altsasuko urte akaberako lasterketako antolatzaileek Nafarroako Elikagai Bankurako jakiak bilduko dituzte. Gosarirako produktuak, olioa, lekaleak, arrain kontserbak… eramatea eskatu dute.