Altsasuko San Silbestrea, Nafarroako zaharrena
Dantzaleku-Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatuta, aurten 35. edizioa beteko du Nafarroako proba beteranoena denak. Aipatu proba Mario Memoriala izendatu zuten, bertan 17 urtez gailendu zen Mario Lopez de Uralde korrikalari altsasuarraren omenez.
Haurrak 18:00etan eta helduak 19:00etan
Asteartean, arratsaldeko 18:00etan emanen diote hasiera lasterketari, gaztetxoenen lasterketarekin. Aurrebenjaminak (400 m), benjaminak (800 m) eta kimuak (1.200 m) ariko dira, plazatik abiatuta eurendako propio prestatutako distantzia osatzen. Berrikuntza moduan, haurren kategoriakoek helduenean parte hartzeko aukera izango dute, zirkuituari buelta bat eman eta kiosko aldera ateraz, euren denbora hartzeko (1,5 km) . Helduen proba osoa bukatu nahi badute, egin ahalko dute “baina beti aurretik euren kategoriako lasterketa osatu badute eta proba nagusian senitarteko batek lagunduta aritzen badira” adierazi digu Dantzaleku Sakanako Peio Bergarak.
Kadeteak, jubenilak, seniorrak eta beteranoak 19:00etan udaletxe aurretik abiatuko den proba nagusian ariko dira. Korrikalariek Altsasun barna prestatutako zirkuituari hiru buelta eman beharko dizkiote, guztira 5 km metro osatuz. Foruen Plazan egongo da helmuga. Probako lehen hiru gizon eta emakumezkoek trofeoa jasoko dute, eta lehendabizikoek txapelak. Lasterketa ikusten dutenei eta korrikalariei Leku Onako Aitor Etxeberriak prestatutako salda bero goxoa eskainiko zaie.
Klubetik adierazi digutenez, probak irauten duen bitartean, 19:00etatik 19:45era, trafikoa moztuko da, “inolako arazorik ez izateko”. Antolatzaileek urtea korrika egiten despeditzera animatu dute. “Lasterketarik herrikoiena da hau; oso polita izaten da. Dagoeneko jende gazte askok eta emakume askok eman dute izena eta kontentu gaude. Ea haurren eta helduen artean 500 parte hartzaileetara iristen garen” gaineratu du Bergarak. Aurreko urtean 400 korrikalari inguru aritu ziren, eta helduetan Tasio Gomez gipuzkoarrak eta Maite Beregaña uhartearra gailendu ziren.
Izena emateko: www.dantzalekusakana.com
Izena ematea dohainik da, eta web gunean izena emateko gomendioa egin du Dantzaleku Sakanak, astelehenera arte. Bestela, egunean bertan izena emateko aukera egongo da, 18:30ak arte.
Elikagai Bankuarendako elikagaiak bilduko dira
Dantzaleku Sakana gutxienen dutenekin gogoratu da Nafarroako Elikagai Bankuarekin kolaboratzea erabaki du. Horrela, Gure Etxean kaxa erraldoiak jarriko dituzte, eta San Silbestrea jarraitzea datozenei eta korrikalariei elikagai iraunkorrak ekartzeko gonbitea egin die klubak. Jasotakoa Elikagai Bankuari emango zaie.
Aldaketak Olaztin
San Silbestre lasterketaren 12. edizioa jokatuko da asteartean Olatzagutian, 18:00etan. Sutegi elkarteak antolatutako lasterketetan aldaketa batzuk izanen dira. Aurten 4 kategoriendako lasterketak antolatu dituzte: txikiak, 7 urtera artekoak (300 m), 8-11 urte bitartekoak (600 m), 12-15 urte artekoak (zirkuituari itzuli bat, 1.240 m) eta helduak. Kasu honetan herri gunean antolatutako zirkuituari 4 bira eman beharko diete korrikalariek, 5 km osatzeko. Proba 18:00etan hasiko da, eta frontoia izango du irteera eta helmuga. Proban izena eman nahi duenak lasterketa aurretik irteeran jarritako mahaitik pasa beharko du, 17:00etatik aurrera.
Giro polita izaten da Olaztiko proban, eta bukaeran sariak eta opariak banatuko dira Aurreko urtean 109 korrikalari lehiatu ziren guztira eta helduen proban Raul Audikana eta Teresa De Celis nagusitu ziren.