Ekialdeko erregeak bidean dira

Guaixe 2014ko urtarrilaren 2a

Lakuntzako Baltasar, aurreko urtean.
Trakatan, trakatan hiru errege, Trakatan, trakatan… Sakanara. Zaldi gainean, gurdian edo oinez, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Sakanara iritsiko dira ilbeltzaren 5ean.

Irurtzun
Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregean segizioa 18:30ean Liburutegiko plazatik abiatuko da. Erregeen karroza eta opariz beteriko gurdia Larraun, Intxaurreta, Lizarra, Andia, Lizarra, Amaia eta San Martin kaleetan barna ibiliko da. Bidean gabon kantak abestuko dira. Aurten egiten zen antzezpena bideo emanaldi batekin ordezkatuko dute. Magoen gurdian egonen den pantaila batean haien istorioari buruzko pasarte labur batzuk ikusteko aukera izanen da.

Elizpea kaletik elizara helduko dira. Han Jesus haurtxoa gurtu ondoren elizara sartuko dira. Irurtzundarrek, abesbatza buru dutela, harrera eginen diete. Ondoren, magoek irurtzundar txikiekin egon eta haiei goxokiak banatzeko aukera izanen dute.

Uharte Arakil
Aurtengo Erregeen Kabalkada Manuel Goikoetxearen zurgindegitik abiatuko da, 18:30 aldera. Aurten hiru gurdi prestatzeko asmoa dago Uharte Arakilen. Horrela, errege bakoitza gurdi batean joango da, aingerutxoak lagunduta. Izan ere, jaunartzea egiten duten Uharte Arakilgo neska-mutikoak aingeruz janzten dira. Aurten lauzpabost gaztetxo izanen dira, eta erregeekin batera igoko dira gurdietara. Kabalkadak herrietako kaleetatik barna buelta eman eta gero, hiru erregeak elizan sartuko dira, Jesus haurtxoa adoratzera. Ondoren, txikienek erregeekin hitz egiteko eta gozkiak eskatzeko aukera izanen dute. Errege magoen omenezko abestiak ez dira faltako.

Bestetik, erregeek herriko gaixo eta adinduak bisitatuko dituzte, oparitxo bana emateko. Lehen kabalkadaren ondoren egiten zen bisita, baina izugarri berandutzen zen eta, horregatik, aurreko urtean bisitak aurreratzea erabaki zen. Aurten ere horrela izanen dela adierazi digu Antonio Zubietak. Erregeek 16:00etatik 18:30 inguruan gaixoak bisitatuko dituzte eta ondoren kabalkadari hasiera emaneniote.

Lakuntza
Berrindartua dago kabalkada antolatzeko taldea. Aurten berrikuntzak daude, eskutitza biltzera datozen pajeen figura berreskuratuko baita Lakuntzan. Ilbeltzaren 4an, larunbatean, 17:00etatik 19:00etara Errege Magoen laguntzaileak Lakuntzako elizaren atarira etorriko dira, Lakuntzako haurtxoek erregeei idatzitako eskutitzak jasotzera.
Errege Bezperan, ilbeltzaren 5ean, Lakuntzako kaleek atzera ere kabalkada hartuko dute. Makina bat karroza aterako dira: izarra, Herodesen karroza, trineoa, zirkua, piraten ontzia, Hobbits-en karroza eta iratxoa. Jakina, buruan Meltxor, Gaspar eta Baltasar joanen dira, zaldietan, eta haiei laguntzen pajeak eta antortxadunak. Ibai aldetik helduko dira erregeak meza ondoren, eta Abarrategi kalean gora eginen dute, segidan herri guztiari buelta emateko. Tronpeta joleek erregeen etorrera iragarriko dute, eta erregeak gozokiz kargatuta etorriko dira, txikien gozamenerako. Kabalkadak herriari buelta eman ondoren, elizan zain egonen dira Jose, Maria eta Jesus haurtxoa, erregeen etorreraren zain. Adorazioaren eta koroaren kantuen ondoren erregeek opariak banatuko dizkiete Lakuntzako haurrei.
Informazio guztia jasotzeko: http://erregeaklakuntza.blogspot.com.es helbidera jo.

Arbizu
Hiru erregeak arratsaldeko 18:00eak aldera aterako dira Arbizuko udaletxetik. Gurdi dotorearen gainera igota, arbizuar guztiak agurtuko dituzte. Opariz beteriko gurdiarekin batera kalejira eginen dute Gabonetako doinu alaiekin. Herriari buelta emandakoan, 19:30ak aldera, elizara iritsiko dira. Bertan, hiru erregeek Jesus haurtxoa gurtuko dute. Ondoren, goxokiak banatuko dizkiete herriko haurrei eta bertaratzen direnei.

Ergoiena
Lizarragako haurrek errege bezperan, ilbeltzaren 5ean, goiz-goizetik iragarriko dute erregeak datozela, fale hotsekin. 18:00ak aldera iritsiko dira erregeak Lizarragara. Globoz apaindutako gurdi dotorean herriko kaleak zeharkatuko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek. Haiekin batera joanen dira Jesus haurtxoa, Maria eta Jose. Lizarragari buelta eman ondoren, gurdiak Dorraorako bidea hartuko du, haurrez beteriko kamioia eta zenbait kotxe atzetik dituela. 19:00ak aldera iritsiko dira Dorraora. Herritarrekin batera, kantuan eta dantzan plazara iritsiko dira. Herriko elkartean indarrak hartzeko aukera izanen dute. Jarraian Unanura joko dute. Bertako haurrak ere erregeak ikusteko irrikitan izanen dira. Unanuarrek herriko plazan agurtuko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar, pasta eta moskatel artean. Handik, atzera ere, Lizarragako bidea hartuko dute. Bertan, elkarteko sutondoaren epelean, prest izanen dute afari goxoa nahi duten guztiendako: zopa beroa, oilaskoa eta roskoa. Adin guztietako 100 bat erguendar bilduko dira bertan.
Hurrengo eguneko Lizarragako meza nagusian erregeek ere parte hartuko dute, eta elizkizunak despeditzerakoan apaizarekin, txistuaren doinuak lagun, gaixo daudenen eta edadetuenen etxera joko dute, haiek Jesus haurtxoa gurtu dezaten.

Etxarri Aranatz
Errege bezperan Etxarriko haurrak faleekin elizatik aterako dira kalera, erregeak datozela iragartzera, arratsaldeko 19:00etan. Ordu berean iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Herritarrak zain izanen dituzte elizako atean, bi gurdirekin. Lehenengoa hiru erregeendako eta haien pajeendako, eta bigarrena, Misterioarendako. Jesus haurtxoak, Mariak eta Josek antxumetxoak izanen dituzte alboan, haurren gozamenerako. Horrela, errege segizioak Etxarriko kaleetan barna buelta emango du, ibilbidea frontoian bukatuz. Frontoian Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek gutun bana irakurriko dute eta haurrek opariak eskatzeko aukera izanen dute. Jarraian, Etxarriko haurrak errenkadan jarriko dira erregeei muxu emateko. Trukean goxoki poltsa jasoko dute.

Hurrengo egunean, ilbeltzaren 6an, Meltxor, Gaspar eta Baltasar meza nagusian egonen dira. Meza amaitutakoan zozketa eginen da. Izan ere, aurreko hiru egunetan gabonetako ospakizun berezietan parte hartu duten haurren artean opariak banatuko dira.

Bakaiku
Larunbatean, 17:00etan, ekialdeko magoen morroiak udaletxean izanen dira Bakaikuko haurrek haiendako idatzitako gutunak jasotzeko. Bildutako guztiei morroiek iragarriko diete erregeak domekan, 18:30 aldera iritsiko direla beheko baso aldetik. Harrera egin ondoren, akordeoilarien doinuak lagun, Meltxor, Gaspar eta Baltasar herrian barnako bisitan gidatuko dituzte. Hura elizan despedituko da. Hiru erregeek Bakaikuko txikiekin egoteko aukera izanen dute, eta ekarri dizkieten opariak banatuko dizkiete.

Iturmendi
Herriko haurrak 15:00ak aldera bilduko dira. Faleak aldean dituztela batera eta bestera ibiliko dira, Orienteko magoei hoska. Egiteko horren ondoren, auzoan film bat ikusteko aukera izanen dute. Txokolate edanak segituko dio horri. Hiru erregeen segizioa 19:00ak alderako espero dute Iturmendin. Harrera egin ondoren, kalejira eginen dute herrian barna. Ibilbidea frontoian despedituko da eta han Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek eta haien laguntzaileek opariak eta goxokiak banatuko dizkiete haurrei. Helduendako jan-edana izanen da.

Altsasu
Ekialdeko erregeen etorreraren iragarle izaten dira haien morroiak. Pajeak ilbeltzaren 3an, ostiralarekin, iritsiko dira Altsasura, 6 laguntzailerekin batera. Arratsaldeko 19:00etan herriko txikien gutunak jasoko dituzte Burunda pilotalekuan. 600 bat haur espero dituzte. Guztiek oparitxoren bat jasoko dute.

Pajeek iragarri bezala, hiru errege magoak ilbeltzaren 5ean, igandearekin, iritsiko dira Altsasura. Fale-erregeak erakutsiko die bidea. Hain zuzen ere arratsaldeko 18:00etan aukeratuko dute faleen erregea Foruen plazan. Bildutako haur guztiei esne-opila banatuko diete, eta barruan falea topatzen duen haurra izango da fale-erregea. Fale-erregea buru dela, herriari buelta emango diete haurtxo guztiek, faleak joz erregeei abisua eman eta bidea erakusteko. Horretaz gain, errege-heraldoaren karrozan egingo du ibilbidea faleen-erregeak.

Errege-heraldoa Foruen Plazara joango da, errege magoak datozela abisatzeko. Faleen erregearekin batera Lanbide Heziketako ikastetxera hurbilduko da erret-eraldoa, bertatik sartuko baitira Altsasura Meltxor, Gaspar eta Baltasar, 19:00etan. Bakoitza bere karrozan joango da, eta horiez gain beste karroza batzuk izanen dira: izarraren karroza, errege-heraldoaren karroza –bertara igoko da faleen-erregea–, jostailuen karroza eta mozorrotutako haurren karroza. Altsasuko ikastetxeetako gurasoen elkarteek izaten dute karrozak prestatzeko ardura, errege kabalkadaren batzordeaz gain.
Hiru erregeen segizioak Altsasu zeharkatuko du kale hauetatik barna: Zelai, Isidoro Melero, Nafarroa, Altzania, Bakea, Zumalakarregi (erregeen eta Herodesen bilkura erakusten duen antzezlana), Bakea, Gipuzkoa, Erkuden, Frontoia, Iortia, Gartzia Ximenez, Foru plaza (Jesus haurtxoaren gurtzea), Gurutze Saindua, Zubeztia (aingeruaren agerkundea) eta San Joan. Pasarte antzeztuetan erregeek, Altsasuko antzerki tailerreko kideek eta zenbait herritarrek parte hartuko dute. Ibilbide guztian barna ez dira gozokiak faltako. “Zurronero” delakoak ere neska-mutiko txikienei eskura emango dizkiete gozokiak. Kaputxinoen egoitzan agurtuko dituzte altsasuarrak.

Olazti
Erregeen pajea izanen da Olaztira iristen lehena. Olaztiko kultur etxera iritsiko da ilbeltzaren 4an, larunbatarekin, 18:30ean. Erregeen etorrera iragarriko du eta herritarrek idatzitako gutunak jasoko ditu.

Egun handia ilbeltzaren 5ean izanen da. Meltxor, Gaspar eta Baltasar jubilatuetatik abiatuko dira, 18:30ak aldera. Errege bakoitza bere karrozan joanen da, pajeak eta antortxadunak alboan dituztela. Herriari buelta eman ondoren, herriko frontoian despedituko da ibilbidea. Jakina, gozokiak ez dira faltako eta txokolate bero-beroa hartuko dute bildutakoek. Neska-mutikoek erregeekin hitz egiteko eta haiei musu emateko aukera izanen dute.

Ziordia
Hiru Erregeak 19:00etan iritsiko dira Ziordira ilbeltzaren 5ean, Olazti aldetik, zaldiz. Ordurako zain izanen dituzte ziordiarrak harrera beroa egiteko prest. Trikitixak lagunduta kalejira eginen dute herriko karriketan barna, eta bukaeran errege segizioa elizaraino iritsiko da. Bertan Jesus haurtxoa gurtuko dute. Ondoren, haurrek erregeekin egoteko aukera izanen dute: gutunak irakurri, musutxoak eman eta haien eskuetatik gozokiak jasoko dituzte. Elizatik aterata, erregeek eta ziordiarrek mojen etxerako bidea hartuko dute. Bertako gaixoak bisitatu, eta datorren urtera arte agurtuko dituzte erregeak.