Eta orain gobernuak Euskara Zerbitzuak diru-laguntzarik gabe utzi ditu

Guaixe 2013ko abenduaren 26a

Euskararen normalizazioaren zama ekonomiko ia osoa udalen bizkarraren gainean uzten du, Gobernuak bere ardurari uko eginda

Euskarazko hedabideen edota euskaltegien ondoren, toki erakundeen Euskara Zerbitzuen txanda iritsi da. Euskara zerbitzua duten udalek eta mankomunitateek, Sakanakoak barne, aurten ez dute Nafarroako Gobernuaren lauko bat bera ere jaso. Eta ez dakite jasoko duten ere. Toki erakundeetako ordezkariek, Mank-eko Maite Aldaz barne, astelehenean emandako prentsaurrekoan salatu zuten egoera.


Toki erakundeetatik “Nafarroako Gobernuak euskararen normalizazioari eta euskara sustatzeko lanari ematen dion laguntza eskasa, baita hainbat aldiz jartzen dizkion trabak”  salatu zituzten. Nafarroako Gobernuak 2012ra arte indarrean izan zen hitzarmen bidea baztertu eta Nafarroa osoko toki erakunde guztiei zabalik zegoen lehiaketa bat deitu zuen. Joan zen urtean aldaketa hori okerrerakoa zela nabarmendu zuten eta hala salatu zuten toki erakundeek. Baina aurten Nafarroako Gobernuak ez du ezta deialdi hori ere egin.

Herritarrengandik gertuen dauden erakundeak euskararen alde egindako lana laguntzarik gabe utzita, gobernuak bere ardura baztertzeaz aparte, finantza zama guztia udal eta mankomunitateen bizkarrean uzten du. Hala ere, toki erakundeetako ordezkariek “gure konpromisoari eutsi diogu, urteko lan-ildoak eta ekintzak landu eta gauzatu ditugu”.

Aldi berean, salatu dute Nafarroako Gobernuaren “euskalgintza eta euskararen aldeko lana finantziaziorik gabe uzteko politika horri, gainera, euskararen normalizazio lana zailtzen eta oztopatzen duten bestelako gatazken eta auzien gainean jarrera pasiboa erakutsi du edo, zenbait kasutan, baita gatazka eta susmoak elikatzeko eta indartzeko jarrera ere (D ereduaren inguruan berriki gertatua, esaterako, ETBren emisioa…)”. Bere erantzukizuna eta hartutako konpromisoak betetzeko eskatu diote toki erakundeek Nafarroako Gobernuari, “udalekin lankidetzan arituz eta hitzarmenaren bidea hobetsiz”.

% 82ko jaitsiera
2001. urteko 727.344 euroetatik 2012ko 133.000 eurotara dagoen aldea.