Gaur beste urte bat despedituko dugu, 2013a. Sakanan kirola eginez, afari ederrekin, kantuan esanen diogu agur. Eta heldu da urte berria, 2014a. Etxajuak botaz, abesten, parrandan, mendira joanez… eginen diogu ongi etorria. Hala ere, berezkoak dituzten ohiturei helduko diete, atzera ere, ibarreko makina bat tokitan.
Irañetan, urte berriko aurreneko orduan Txapel Azpi elkartean elkartuko dira, handik etxez etxeko kantu eskea abiatzeko. Ur goiena kantaren truke jasotako jan-edan guztiak abeslariek elkarteak dastatuko dituzte gero. Arruazun gauerdian iturriko ura jaso eta herrian barna banatuko dute, urte berriari kantatuz. Lizarragabengoan ere urtearen aurreneko unetik izanen dira kalean, etxez etxe ibiliko dira Ur goiena kantan eta eskean.
Etxarri Aranatzen ordu batean plazan topa egitera elkartuko dira. Ur goiena kantuarekin elkarri urte ona opako diote. Segituan kalez kale kantari abiatuko da aurreneko taldea. Bigarrena, ordu bietan abiatuko da etxarriarrei urte berri ona abestuz opatzera, kantu eskean. Iturmendin, berriz, gauerdia pasata kintoak etxez etxeko errondan ariko dira, kantu eskean, urte berria zoriontzen. Esker onez pastak eta edatekoa eskainiko dituzte.
Urdiainen gauerdiaren aurretik apaizaren etxe inguruan elkartuko dira. Urte berriko aurreneko ezkila hotsekin nesaki eta mutiki gazteak herriko iturrietara joanen dira pitxerretan ur berria hartzera. Eliz etxean bueltan, urdiaindarrek Ur goiena, ur barrena kantaita abestuko dute. Agintariek ur berriaren truke opil goxoa emanen diete, aurrena gazteei, eta gero herritar guztiei, urte osasuntsua opatuz.