Gobernuak autopistako bidesariak mantendu ditu

Guaixe 2013ko abenduaren 26a

Kontsumo Prezioen Indizea negatiboa izan denez, Nafarroako Gobernuak erabaki du Nafarroako Autopistako (AP-15) bidesariak bere horretan mantentzea. Beraz, bide horretatik Iruñarantz joaten diren sakandarrek Sarasako ordainlekuan 2,15 euro ordaindu beharko dituzte autoz joaten badira. Kamioiek, tamainaren arabera, 2,75 edo 3,75 euro ordaindu beharko dituzte. Txartelekin edo telepeajearekin ordaintzen dutenei aldiz, deskontua aplikatuko zaie, eta prezioak honakoak izanen dira: 1,22 edo 0,65 (itzulera doan) autoen kasuan; eta 1,15 pisuzko ibilgailuen kasuan.

Arakil
Epaileak 2012an arrazoia eman zion Tuterako Udalari: autopistek bidesaria dutenez zerga ordaintzera behartuta daude. Horregatik, halako azpiegiturak udalerrian dituzten udalek autopistei zergak kobratzeko aukera dute. Nafarroako Autopistak (AP-15) Arakilen 3.688 metroko luzerako tartea du eta joan den urtetik udalak zerga kobratzen dio autopistaren jabe den Audenasa enpresari. Heldu den urteko garagarzarora arte enpresak hobaria du eta zergaren %95 ordainduko du, baina ordutik aurrera %100.