Italiar titiriteroen miniaturazko ikuskizun aparta Irurtzunen eta Olatzagutian

Guaixe 2013ko abe. 27a, 19:00
Larunbatean, 18:00etan Irurtzungo kultur etxean eta domekan, 17:00etan Olatzagutiko kultur etxean

Bi pertsonaia. Bi esku. Bakoitzean latex naturalez egindako burua, bi esku eta tolestutako bi hanka. Eta jantziak. Eta zuzeneko musika. Eta oin-argiak. Hori besterik ez du behar Girovago e Rondella konpainiak aparteko ikuskizuna eskaintzeko: Manoviva. Txotxongilo antzerki klasikoaren garapena da, zeinetan eskuak, inolako hitzik gabe, istorioak kontatzen dituzten; aparteko unibertso bat sortuz.

Txotxongilo bihurtutako bi eskuak, pertsonaiak, oinez ibiltzen dira. Edozein pertsonaren pare ariko dira joko eta akrobaziak egiten. Modu libre, adierazkor eta sortzailean adieraziko dira. Akaberan, ikusleak eskuko behatzak modu independentean mugitzen erakutsiko diete.