Pilota astintzea ez da nahikoa

Guaixe 2014ko urtarrilaren 7a

Ezkurdia eta Zabaleta biko sakandarra.
Ezkurdiak eta Zabaletak jokoa findu beharko dute txapelketako lehen puntua lortu nahi badute. Xalak eta Zubietak, aldiz, jokatutako hiru partidak irabazi dituzte.

Emaitzak

Xala-Cecilio (Zubietaren ordez) 22 / Bengoetxea-Galarza 10
Berasaluze II.a-Albisu 22 / Ezkurdia-Zabaleta 16

Binakako txapelketa. 4. jardunaldia
Olaizola-Aretxabaleta / Xala-Zubieta (ostiralean, Donibane Garazin.ETB1)
Berasaluze-Albisu / Irujo-Barriola (larunbatean Labriten. NITRO)
Titin-Merino / Bengoetxea-Galarza (igandean Logroñon)
Urritikoetxea-Beroiz / Ezkurdia-Zabaleta (igandean, Eibarren.)

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkako hiru partida jokatu dira eta pilotari sakandarren egoera zeharo ezberdina da. Ongi doazkie gauzak Xalari eta Aitor Zubieta etxarriarrari, jokatutako hiru partidak irabazi baitituzte. Berasaluze eta Albisuren kontrako partida gogorrean eskuin eskua ia erabili ezinik gabe geratu zitzaion etxarriarrari, baina hala ere 5-15 galtzen ari zirela sekulako erremontada egiteko gai izan ziren etxarriarra eta Xala, partida 22-21 irabaziz. Azkeneko partidan Ceciliok hartu zuen Aitor Zubietaren tokia, etxarriarrak oraindik eskuin eskua ukitua duelako. Zubieta bera izan zuten botillero. Ongi salbatu zuen partida errioxarrak. Ez zuen akatsik egin eta ia partida guztia dominatu egin zuen. Xalarekin batera garaipen polita lortu zuten, Oinatz Bengoetxea eta Ladis Galarza 10 tantotan utzi baitzituzten.

Aldiz, Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak oraindik ez dute garaipenik lortu. Aurreko asteburuan Irujoren eta Barriolaren kontra 22-13 galdu ondoren, Errege egunean partida gogorra jokatu zuten Berasaluze II.aren eta Albisuren kontra. Bi jotzaile onenen arteko lehia izan zen, Zabaletaren eta Albisuren artekoa. Ikuskizun bikaina eskaini zuten atzelariek, ederki astindu baitzuten pilota. Parez-pare ibili ziren. Tarteka Albisu eta tarteka Zabaleta gailendu ziren. Akats handiko partida izan zen, guztira 25 huts izan baitziren. Horietatik 9 egin zituen Albisuk eta 6 Zabaletak. Atzelariek sekulako ikuskizuna eman zuten, baina aurrelariak, aldiz, ez ziren horrenbeste nabarmendu eta askotan partidatik kanpo egon ziren. Ezkurdiak indar gehiago erakutsi zuen baina Bersaluzek ofizio gehiago, akats gutxiago egin baitzituen. Hasieratik hartu zuten aurrea Berasaluzek eta Albisuk (6-1), eta nahiz eta sakandarrak 7-6ra gerturatu, 15-6ra egin zuten alde Asegarcekoek. 20-11ra ihes egin zuten Berasaluzek eta Albisuk, eta hor partidako une beroenak bizi izan ziren, 20-16 gerturatu zirelako Ezkurdia eta Zabaleta. Baina egoerari buelta eman eta 22-16 gailendu ziren Berasaluze eta Albisu, euren lehendabiziko puntua lortuz eta Ezkurdia eta Zabaleta punturik gabe, azken postuan utziz.

Sailkapenari dagokionez, hiruna puntu dituzte Olaizola II.a-Aretxabaletak eta Xala-Zubietak. 2 puntu dituzte Irujok eta Barriolak eta bana Bersaluze II.a-Albixuk, Titin III.a-Merino II.ak, Urrutikoetxea-Beroizek eta Bengoetxea VI.a-Galarzak. Aldiz, punturik gabe daude Ezkurdia-Zabaleta.

Datorrena
Pilota astintzea eta izugarri jotzea ez da nahikoa. Jokoa findu behar da eta aurrean asmatu behar da. Hori landu beharko dute Zabaletak eta Ezkurdiak, txapelketako lehen puntua lortu nahi badute. Orain arte garaipen bakarra duten Oinatz Bengoetxea eta Ladis Galarza izango dituzte aurkari igandean Eibarko Astelenan. Puntuen faltan dauden bi bikoteen arteko lehia estua izango da. Ea sakandarrek egoerari buelta eman eta lehen puntua lortzen duten.

Partida guztiak irabaztetik datozen Xalak eta Zubietak, aldiz, euren egoera berean dauden Aimar Olaizola eta Aretxabaleta izanen dituzte aurkari, ostiralean, Donibane Garazin. Orain arteko onanak elkarren kontra. Ea jaioterrian jokatzeak indar gehiago ematen dion Xalari.