Berritasunak Maria Markotegi sarien deialdian

Guaixe 2014ko urtarrilaren 8a

Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. maila arteko ikasleek ipuin bat ilustratzeko aukera izanen dute

Sakanako ikasleen euskarazko sorkuntza sustatzea helburu duen Maria Markotegi Sariak deitu ditu Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Ibarreko ikasleek bide horren bidez ilustrazio, narrazio labur, komiki edota poesiaren bidez euren sormena azaltzeko aukera izanen dute.

Sormen sariketa horretan estreinakoz, Lehen Hezkuntzako aurreneko lau zikloek parte hartzeko aukera izanen dute. Antolakuntzak emandako ipuin bat ilustratu beharko dute. Hala, LH 1. eta 2. mailetako ikasleek Leire Bilbaoren Zergatik erortzen diren lorontziak ipuina ilustratu beharko dute. LHko 3. eta 4. mailetako ikasleek, berriz, Patxi Zubizarretak egokitutako Miseria gaixoa ipuina ilustratu beharko dute.

Bai maila batean zein bestean, lanek gutxienez A4 formatuko orri bateko luzera izan beharko du. Gehienez, hirukoa. Bakarkako lanak besterik ez dira onartuko. Eta ikasle bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahalko du.

Hiru sail gehiago
Berrikuntzaz aparte, Maria Markotegi Sariak narrazio labur, poesia eta komiki sailak ere izanen ditu. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik batxilergo eta erdi mailako heziketa zikloetako ikasleetaraino, denek dute sormen lehiaketan parte hartzeko aukera, bakoitza berari dagokion lau mailetako batean.

Nahi duten adierazpidea aukeratu eta sariketara aurkeztu ahalko dira gaztetxoak. Beti ere, haien lanak originalak, aurrez saritu gabeak, argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izan beharko dute. Gaia librea da. Antolakuntzak ez du bertso paperik onartuko.

Luzerari dagokionez, olerkietan gutxienez 14 bertso eta gehienez 40 aurkeztu beharko dira. Komikietan orrialde bat eta bost arteko luzera duten lanak onartuko dituzte sariketan. Azkenik, narrazio laburretan LHko 5. eta 6. mailetako ikasleek orrialde bat gutxienez eta 3 gehienez, DBHko ikasleek 2 orrialde gutxienez eta 5 gehienez eta Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek 3 orrialde gutxienez eta 8 gehienez.

Literatur lanak ordenagailuz idatzirik aurkeztu beharko dira, Arial letra mota erabiliko da eta 12 puntuko hizki-tamaina. Komikiak, berriz, txuri-beltzean edo koloretan aurkeztuko dira, Din A4 tamainan. Ordenagailuz edo eskuz egin daitezke.

Noizko
Lanak aurkezteko epea martxoa despeditzearekin batera bukatuko da. Ibarreko erakundeak Lakuntzan duen erregistroan aurkeztu beharko da, edo euskara@sakana-mank.com helbidean. Beti ere, plika sistema erabiliz. Parte hartze hutsagatik oroigarri bana jasoko dute sortzaile txikiek. Epaimahaiak bere erabakia hartu ondoren, ekitaldi publiko batean eginen du sari banaketa Mank-ek. Gainera, lanak argitaratzeko aukera gordeko du.

Sariak
Ilustrazioa
Kategoria                Saria         Zer    
LHko 1. eta 2. mailetako ikasleena     1.        Pintura zorro osatu bat
LHko 1. eta 2. mailetako ikasleena     2.        Pintura zorro osatu bat

LHko 3. eta 4. mailetako ikasleena     1.        Pintura zorro osatu bat
LHko 3. eta 4. mailetako ikasleena     2.        Pintura zorro osatu bat

Narrazio laburren, poesia eta komiki saila
LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena                       1.        50 €
LHko 5. eta 6. mailetako ikasleena                       2.        40 €
DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena                    1.        70 €
DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleena                    2.         60 €
DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena                    1.         90 €
DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleena                    2.         80 €
Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena    1.        110 €
Batxilergoak eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleena    2.        100 €