Mank-ek Nafarroako hondakinen tratamendu tasak aldatzea eskatu du

Guaixe 2014ko urt. 10a, 10:35

Kutsatzen duenak ordain dezala printzipioan oinarritutako tasa ezartzea eskatu du

Herrialdeko makina bat mankomunitate hartzen dituen Nafarroako Hondakinen Partzuergoko kideak abenduaren 27an elkartu ziren. Sakanako Mankomunitateko buru Aitor Karasatorrek eta Adolfo Araiz kudeatzaileak adierazi zuten ez zutela bidezko jotzen Nafarroa guztirako tasa bakar bat egotea: “tasak bere horretan mantentzea, gaikako eta bereziki organikoaren bilketa hobetzeko ahalegin handiak egin dituzten herriak zigortzen ditu”.

Sakanako ordezkariek azken bi urteetan defendatu duten eredua indarrean jartzea eskatu zuten: “kutsatzen duenak ordain dezala, eta gehiago kutsatzen duenak gehiago ordain dezala. Sortutako hondakinen arabera ordaintzeko garaia iritsi da”. Azken bi urteetan hitz onak entzun, batzordea sortu eta aztertuko zela entzun dute partzuergoan biek eta ekintzetara pasatzeko garaia zela esan zuten. Eskatutakoa egiteko formulak badaudela gaineratu zuten. “Halakorik egiten ez bada, erakunderen batzuk partzuergoan segitzea aztertuko genuke”.

Sakandarrek proposatu zuten egungo sistema errotik aldatzea: udalek tratatutako hondakin tonaren arabera ordaintzea, edozein dela sistema (biometazioa, konpostatzea, hondakindegia…) eta gero udalek egoki jotzen duten moduan herritarrei kobratzea. “Horrela, erakunde bakoitzak hondakinen tratamendurako egindako ahaleginaren arabera ordainduko luke. Gehien zigortuko litzatekeen sistema isurketa litzateke, baita energia balioztapena edo errausketa ere”. Karasatorrek eta Araizek proposatutakoaren inguruan aurten hitz egin eta zerbait adostuko da partzuergoan.

Baina eztabaida hori tokiko erakundeen maparen berrantolaketa nahiarekin nahastuko da. Alde batetik, Espainiako Gobernuak egin nahi duena dago. Bestetik, Nafarroan proposatu izan dena. Kasu horretan Sakana Mendialdea eta Araxes Garaiko mankomunitateekin bat eginen luke. Zentralizazio egitasmoei aurre egin beharko diete toki-erakundeek.

Datuak
Mank-eko ordezkariek 2013ko behin behineko datuak eman zituzten bileran. Hondakin sistema berria ezarri den zortzi herrietan 145 tona hondakin organiko bildu dira. Horri etxe- eta auzo-konpostagailuetan tratatutako beste 538 tona gehitu behar zaizkio. Guztira 683 tona hondakin organiko ibarrean bertan tratatzen direnak. Bi ordezkariek gaineratu zutenez, “Tuterako Culebrete hondakindegira 1.500 tona gutxiago eramanen ditugula kalkulatzen dugu, aurreko urtean baino %25 gutxiago”.

Hitzarmena
Egun hartan bertan Mank-ek eta partzuergoak hitzarmena sinatu zuten. Horren arabera azken erakunde horrek 192.000 euro emanen dizkio Mank-i. Tasa bera mantentzearen konpentsazio moduko bat da. Kopuru hori da hain zuzen ere Mank-ek pasa den urtean auzo-konpostagailuak egiteko egin zuen inbertsioa.

Tarifak izoztuta
Partzuergoak orain arteko tarifak mantentzea erabaki zuen. Gauzak horrela, urteko Sakanako Mankomunitateari etxeko hondakinak jasotzeagatik ordaintzen zaion zatietako bat, 46,32 euro, partzuergoarendako izanen da. Bilkura berean partzuergoaren aurtengo aurrekontua onartu zen, 7.761.903 euro. Haietatik 5.007.432 euro hondakinen tratamendurako dira eta 1.451.981 euro hondakinak tratamendu plantetara garraiatzeko.