Tantaz tanta gizarte ekimenak “giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko itsaso handi bat bultzatu eta antolatu” nahi du bihar Bilbon. Herritarren sare horretatik azaldu dutenez, bihar milaka tantek itsasoa sortuko dute, Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira goiburuarekin bat egiten dutelako. Gaineratu dutenez, “gure jarduerak ez baitu ahazten ezta gutxiesten gure jendartearen baitan pertsona gehiegik pairatu behar izan dituzten sufrimendu anitzak”.
Saretik adierazi dutenez: “ezer baino lehen, gatazkak utzitako zauriak itxi eta pilatutako sufrimendua arindu beharko dugu”. Horregatik, “egiaz sinesten dugu espetxe politika hau konponbiderako eta bakerako oztopoa dela, eta egoera iraultzeko ezinbestekoa dela gizartearen inplikazioa”. Bilboko mobilizazioa “oinarrizko hiru eskakizunen inguruan sortutako marea gara: sakabanaketaren amaiera, gaixotasun larriak pairatzen dituzten presoen askatasuna eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren sententziaren aplikazioa.”
Ekimeneko kideek nazioarteko esperientziak ekarri dituzte gogora :“guztiek erakusten dutenez, gatazka bat itxi nahi denean haren ondorioei heldu behar zaie nahitaez, besteak beste, biktima guztiei aitortza eta erreparazioa emanez eta preso eta iheslariak etxeratzeko bidea markatuz”. Bilbon, “konponbidearen aldeko jarrera proaktiboa eskatzen dugu” eta biharkoa bide berriak zabaltzeko modua izanen dela uste dute.
Ordutegia
Bilboko Casilla kiroldegitik eta udaletxetik 17:30ean abiatuko da olatu bana. 18:30ean topo egin eta itsasoa sortuko dute. Baina, 11:00etatik aurrera Areatzan animazioa izanen da. Musikari sakandarrak han izanen dira: Hesian akustikoa, Gozategi, Tximeleta eta Kaotiko.