1.Bihar, larunbatean proiekzioa eginen duzue Altsasuko Iortia Kultur Gunean, 19:00etan, Alpe italiarrei buruz.
Agorrilean egon ginen Alpe italiarretan. Gu biok, Eneko Otxagabia eta Iraitz Berastegi lakuntzarrak eta Aner Galarza bakaikoarra joan ginen. Agorrilaren 3an abiatu ginen, gaueko 10:00etan, furgonetan. Udako irteera operazioa zen, zirkulazio handia zegoen eta gu GPSrik gabe galdu egin ginen… Baina, azkenean, Italiako Alpeetako Aosta bailarara iritsi ginen.
2.Italiako Alpeetan zein zen zuen asmoa?
Bi mendi konkretu igo nahi genituen, Grand Paradiso (4.061 m) eta Italia eta Suitzako mugan dauden Zumsteinspitze (Alpeetako laugarrena, 4.563 m) eta Signalkuppe (4.554 m). Azken bi mendi hauek Monte Rosako mendigunean daude, eta azkenean bertako Corno Neron (4.322 m) ere izan ginen.
3.Pirinioetatik Alpeetarako saltoa handia da?
Alpeak udan eta Pirinioak neguan oso antzekoak dira, klimatologia, tenperatura eta beste kontuan hartuta. Baina Alpeek altitude altuagoa du; oxigenoaren aldetik pixka bat motelago joan behar zara. Alpeetara joan aurretik, alpinismo ikastaro bat egin genuen Pirinioetan. Alpinismoaren oinarrizko kontzeptuak jaso genituen. Kordadak egiten irakatsi ziguten eta bereziki segurtasuna landu genuen: larrialdi bat gertatuz gero nola jokatu, larrialdiak nola ekidin, zein material behar genuen… Alpeetan sorpresa oso ona hartu genuen. Alpeetako mendiak egiteko aurretik planifikatu genuena guk aurreikusi moduan atera zitzaigun.
4. Eta hori zergatik?
Ongi prestatuak geunden eta igoera egin genuenean sekulako eguraldi ona tokatu zitzaigun. Goiko egonaldia egun bat luzatu nahi genuen baina aterpetik esan ziguten jaisteko, ekaitza indartsua zetorrela eta goian harrapatuz gero han eman beharko genituela egun batzuk, ataskatuta, jaistea oso zaila izango zelako. Jaitsi ginen eta hala gertatu zen, ekaitza etorri zen.
5. Eguraldi iragarpena oso inportantea izaten da mendian.
Bai. Pirinioetara goazenean lameteoqueviene izeneko bloga kontsultatzen dugu. Zaragozako pediatra batek egiten du. Beste iragarpen batzuk aztertuta berea egiten du eta oso ongi erabiltzen du informazioa. Elurraren baldintzak, elur jausi arriskuak zeintzuk izango diren dena oso ongi haztatzen du. Alpeetan informazio guneetan, aterpeetan eta beste uneoro informazio meteorologikoa ematen ziguten eta haiek emandakoarekin moldatu ginen. Oso ongi.
6.Igoera espero baino gogorragoa egin zitzaizuen?
Hara joan baino lehen hemen asko ibili ginen mendian, entrenatzen. Urtea ongi planteatu genuen eta ongi atera zitzaigun. Dena den, 4.000 metrotik gora gehiago kostatzen da. Ez genekien nola erantzun behar genuen baina ongi atera zitzaigun. Esperientzia ona izan zen: bostak igo ginen, argazki ederrak atera genituen eta giro ederra izan genuen gure artean, inportanteena.
7.Askotan mendizaletasuna eta argazkilaritza eskutik doaz. Zuek ere zaletuak zarete?
Bai, Sergio bereziki. Han gainera edozein argazki botatzen duzula, polita ateratzen da. Oso zaila da argazki txar bat egitea. Alpeak ikusgarriak dira. Guk Alpeetako eremu txiki bat ezagutu genuen, Aosta bailara eta egindako lau mendiak, baina Alpeak askoz handiagoak dira. Mendia, txirrindularitza, mendiko eskia… halako kirolak egiteko paradisua da. Glaziar asko daude eta mendi puntan elur asko zegoen.
8. Zer ikusiko dugu proiekzioan?
Bideoren bat eta bostok ateratako argazkiak erakutsiko ditugu. Eta guk egindakoa azalduko dugu, gure peripezia guztiak: bidaia, gauza onak, txarrak… Hasieran Grand Paradisora joan ginen pixka bat aklimatatzeko. Gero Monte Rosara joan ginen eta Zumsteinspitze, Signalkuppe eta Corno Neron igo genituen. Gure intentzioa da zonalde hori erakustea. Mendiak arriskutsua denaren fama du, kirol extremoa dela, baina norberak baldin badaki bere maila zein den, eta hemen ibilita pixkaka joaten bada, badaude mendiak edozeinek egiteko errazak direnak, gozatzekoak, teknikoki aparteko ezer ez dutenak. Hau da, ez zarela izan behar Pou edo Iñurrategi bat halako gauzak egiteko.
9. Hurrengo egitasmoa?
Hurrengo urtean Mont Blanc (4.810 m) igo nahiko genuke, agorrilean, 4.000ko errutatik. Ikusiko dugu. Ea dirua dugun, eguraldia nola dagoen… bitartean Pirinioak hor daude. Ahal dugunetan jotzen dugu bertara.
10. Hortaz, Alpeek merezi dute!
Zalantzarik gabe. Bizian behin, gutxienez, joan behar da. Oso polita da, herriek ere enkantu berezia dute. Oso garestia da dena, baina noizbait joateko…
11. Zuen lanaren fruitua ikusteko aukera dago bihar.
Baditugu gogoak erakusteko. Guztiak gonbidatuak zaudete!