Binakakoa. 4. jardunaldiko emaitzak
Olaizola II.a-Aretxabeleta 22 / Aritz Lasa (Xalaren partez) -Cecilio (Zubietaren partez) 19
Urrutikoetxea-Beroiz 22 / Ezkurdia-Zabaleta 19
Binakakoa. Hurrengo jardunaldia
Bengoetxea-Galarza / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, 22:00etan, Tolosan. ETB1)
Berasaluze-Albisu / Urrutikoetxea-Beroiz (larunbatean, 17:00etan, Mungian. NITRO)
Xala-Zubieta / Irujo-Barriola (larunbatean, 17:00etan, Labriten)
Olaizola II.a-Aretxabaleta / Titin-Merino II.a (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)
Ezkurdiak eta Zabaletak Binakakoan garaipenik zer den jakin gabe jarraitzen dute. Igandean Urrutikoetxea eta Beroiz izan zituzten aurkari, eta sakandarrek 22-19 galdu zuten. Partida serioa izan zen, oso borrokatua, piloteo askokoa. Atzoko koadroetan Zabaletak Beroiz dominatu zuen. Zabaletak izugarri jo zuen, eta bi eskuekin gozatu zuen. Baina aurrean Ezkurdiak tantoak despeditzeko arazoak izan zituen eta akats asko egin zituen. Txisparik gabe dabil arbizuarra.
Beroizek ederra agoantatu behar izan zuen, eta hainbat akats ere pilatu zituen. Baina Zabaletaren ahalegin hori ez zen nahikoa izan. Nahiz eta Ezkurdia bolearekin eta bi paretakoarekin ongi ibili, gantxoarekin ez zuen minik egin. Ez zituen aukerak behar bezala baliatu. Hala ere, hortzak ederki estututa borrokatu zuten sakandarrek. 19ra berdinduta egon ziren, baina, azkenean, Urrutikoetxeak eta Beroizek 22-19 irabazi zieten, ederki sufrituta bada ere.
Bestalde, ostiralean Donibane Loitzunen jokatutako partidan Xalak eta Zubietak ezin zuten jokatu ahal izan. Zubietari oraindik ez zaio eskuin eskua behar bezala osatu, eta Xala sukarrak jota zegoen. Haien partez Aritz Lasa eta Cecilio aritu ziren. 22-19 gailendu zitzaien Aimar eta Aretxabaleta.
Sailkapena
Binakako lau jardunaldi jokatuta, Olaizola eta Aretxabaleta dira lider, 4 punturekin. Irujo-Barriolak eta Xala-Zubietak hiruna puntu dituzte, Titin-Merinok eta Urrutikoetxea-Beroizek bina, Berasaluze-Albisuk eta Bengoetxea-Galarzak bana eta Ezkurdia-Zabaletak ez dute punturik biltzea lortu.
Datorrena
Ostiralean jokatuko dute Ezkurdiak eta Zabaletak, Oinatz Bengoetxea eta Ladis Galarzaren kontra. Atzeko postuetan dauden bi bikoen arteko lehia izango da, puntu faltan dabiltzan bi bikoen arteko lehia. Sakandarrek beharrezkoa dute irabaztea, 0aren mamu hori uxatzeko behintzat. Eta arerioek baita.
Bestalde, Xalak eta Zubietak Irujo eta Barriola izanen dituzte aurkari larunbatean Labriten. Hiruna berdinduta daude bi bikoak, eta distantzia hartzeko aukera polita dute biek larunbatean. Aste honetan jakingo dugu Etxarrikoa jokatzeko moduan ote dagoen.