Erregional mailan gauzak ez dira oso ongi hasi Altsasurendako. Goiko postuetan egon izan da Altsasu sarritan baina azkenaldian ez du punturik bildu eta 6.a da orain. Asteburuan Valle de Egüesek 3-0 hartu zuen menpean Altsasu. Partida polita izan zen, oso lehiatua. Gol aukera ugari izan zituzten bi taldeek baina defentsak ongi aritu ziren eta baloiari kosta egin zitzaion sarean sartzea. 30. minutuan Eguesek lehen gola sartu zuen, eta nahiz eta Altsasu izugarri saiatu, atzera ere Eguesekoek asmatu zuten, atsedenaldira aldeko bi goleko errantarekin joanez. Bigarren zatian 3. gola sartu zuen Eguesek.
Bestalde, Barañaingo Lagunak taldeari 0-2 irabazi zion Lagun Artea Bk, partida oso entretenitu eta paretsuan. Eta, aspaldiko partez, garaipen potoloa lortu zuen Etxarrik, 4-1 hartu baitzuen menpean Baztan. Taldeak aldaketa egin du, onera. Lehen zatian goitik behera dominatu zuen Etxarrik. Mikelek Etxarri aurreratu zuen, eta nahiz eta Baztanek berdindu, atzera ere Mikelek eta Pablok 3-1ekoa ezarri zuten atsedenaldira joan baino lehen. Bigarren zatian ere etxarriarrek dominatu zuten eta Baztanek ezer gutxi egiteko aukera izan zuen. Josebak sartu zuen Etxarriren azken gola.
Sailkapenari dagokionez, Lekunberriko Beti Kozkor da liderra, 35 punturekin. Lagun Artea B 3.a da, 26 punturekin. Altsasu 6. postura jaitsi da, 23 punturekin, eta Etxarri Aranatz 14. postura igo da, 13 punturekin. Asteburuan Altsasuk Lagun Artea B taldearen kontra jokatuko du eta Etxarri Aranatzek Errotxapea hartuko du.