Luis Leon Sanchezek lehen garaipena eman dio Rural Kutxari Gabonen

Guaixe 2014ko urtarrilaren 14a

Luis Leon Sanchez, saria jasotzen. Argazkia: Rural Kutxa.
Hornerren fitxaketa negoziatzen ari direla ukatu du Rural Kutxak

Ongi hasi dira gauzak Sakanatik sortutako Rural Kutxa-Seguros RGA talde kontinentalarendako. Atzo hasi zuen denboraldia taldeak, Afrikan, Gaboneko La Tropicale Amissa Bongo lasterketan. Atzo lehendabiziko etapa jokatu zen. 21 txirrindularik ihes egin zuten eta Rural Kutxako Luis Leon Sanchez gailendu zen helmugako esprintean. “Taldeak ongi egin du lan eta irabaztea denondako oso motibagarria da. Ea osasunak errespetatzen gaituen eta emaitzak iristen jarraitzen duten” adierazi zuen Sanchezek.

Horner Rural Kutxara?
Hainbat komunikabideek zabaldu dutenez, aurreko urteko Vueltako irabazle Chris Horner Rural Kutxa taldetik gertu dago. Talderik gabe dago 42 urteko estatubatuarra eta, nonbait, Vivelo USA etxearen eskutik iritsiko litzateke estatubatuarra Rural Kutxara. Izan ere, Rural Kutxak Vivelo etxe bulgariarreko bizikletak erabiltzen ditu, eta Vivelo etxeko AEBetako sareak Hornerrek bere jaioterrian duen fama erabili nahiko luke publizitate gisa. Hainbat iturriren arabera Vivelo etxeak ordainduko luke Hornerren kontratua eta Rural Kutxak ez luke batere ordaindu beharko. Horrela, Rural Kutxarekin Hornerrek Espainiako Vueltagatik borrokatzeko aukera izango luke eta, akaso, Giroan aritzeko gonbidapenaren bat jaso.

Bere aldetik, Rural Kutxako prentsa arduradun Alberto Sanzek, bere aldetik, Chris Hornerren fitxaketa negoziatzen ari direla ukatu du.  “Taldeak ez du ezer egin eta ez du inorekin hitz egin. Pentsatzekoa da Vivelo enpresaren filtrazioren bat izan dela dena” adierazi dute Rural kutxatik. “Printzipioz gure plantilla itxita dago. Sorpresa handia gertatzen ez bada ez da txirrindulari gehiago etorriko. Gure egutegirako plantilla nahikoa dugu” gaineratu dute. “Dena den, eta publikatutakoa egia bada, puntako txirrindulari bat eskaintzen ari dira dohain, eta baloratu beharko genuke”. Hortaz, ikusi beharko da Hornerren kontu honek nola bukatzen duen.