Euskaltzaleen Topaguneak hiztegitxoak.eu webgunea martxan jarri du. Bertan, euskaratik 35 hizkuntzetarako noranzkoan, eta alderantziz, oinarrizko hiztegiak lortzeko aukera eskaintzen du. Honela, egunerokotasunean hizkuntza ezberdinetako hiztunen artean “zubi hizkuntza” euskara izatea bultzatu nahi da.
Munduan 6.500 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Hizkuntzak dira kulturen adierazle garrantzitsuenetakoak eta beraz, munduko kultura aniztasunari eusteko, hizkuntzak zaindu behar ditugu. Euskarak Euskal Herria du bizitoki bakar eta, jakina denez, egoera gutxiagotuan dago. Gainera, gurean beste hizkuntza ugari bizi dira, asko azken urteetan etorri diren pertsonek ekarriak. Aniztasuna, beraz, etxean daukagu. Bakoitzak bere hizkuntza zaindu eta erabiltzeaz gain, beste hizkuntza batzuk ere ikasiz gero, denok aberastuko gara. Eta bakoitzak bereari uko egin gabe, euskara izan dadila guztion arteko kohesio eta komunikazio hizkuntza.
Horixe da Euskaltzaleen Topagunearen nahia eta apustua. Euskaltzaleen Topaguneak hainbat urte daramatza euskara eta aniztasun gaiak jorratzen. Hiztegitxoak.eu-k norabide horretan pausu bat gehiago emango du. Izan ere, hainbat esparrutan baliagarri izan daiteke, hala nola, eskola eremurako. Honela, elkar harremanerako oinarrizko hiztegi hauekin, elkarren arteko ezagutza eta aitortza bultzatu nahi da euskara erdigunean jarriz. Web gunearen bidez, 330 hitzeko oinarrizko hiztegia eskuratu daiteke eta inprimatu egunerokotasunean erabiltzeko. 35 hizkuntza horietako batzuk gainera, gutxiagoturiko hizkuntzak dira.
Era berean, erabiltzaileek hizkuntza berrietako oinarrizko hiztegiak txertatu ditzakete, web gunea gero eta hizkuntza gehiagorekin elikatuz. Hiztegitxoak.eu webguneak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesa jaso du.
Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein mugimenduaren beraren helburuak euskararen erabilera sustatzea eta euskararekiko sentsibilizazioa bultzatzea dira. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.
Informazio gehiago behar izanez gero, mikel@topagunea.org helbidera idatzi dezakezue, edo 943 59 11 86 / 637 588 785 telefono zenbakietara deitu.