Europako ordainketa eta kobratze sistema berrian janzten

Guaixe 2014ko urtarrilaren 16a

Otsailetik aurrera Europako 33 herrialdeetan eurotan ordaintzeko moduaren harmonizazioa eginen da. Transferentzia, helbideratutako zordunketa eta ordainketa-txartela bidezko ordainketei eragiten die

Sakana guztitik etorritako enpresetako ordezkari, autonomo eta banako, 200 bat, joan ziren herenegun Sakanako Enpresarien Elkarteak Eurotan Ordaintzeko Gune Bakarraz antolatu zuen jardunaldira (ingelesez SEPA, Single Euro Payments Area). Euro monetaren ezarpenaren pareko aldaketa zela nabarmendu zuten. 2002tik Euroguneko herrialdeetan berarekin ordaindu daiteke. Baina eskudirutan ez diren ordainketetarako herrialde bakoitzak bere araudia zuen. Otsailetik aurrera Euroguneko 28 herrialdeak, Islandiak, Liechtensteinek, Monakok, Norvegiak eta Suitzak araudi bera izanen dute. Horrek, moneta bakarraren bateratzeari onura guztiak ateratzeko modua emanen duela adierazi zuten aurkezpenean.

Otsailetik aurrera gune horretako herritar, enpresa eta bestelako eragile ekonomikoek eurotan ordaindu eta kobratu ahal izanen dute; eta guztiek oinarrizko baldintza, eskubide eta betebehar berberak izanen dituzte. Horri esker, “merkatu bakoitzaren barruan jarduteko erraztasun, azkartasun eta segurtasun berdinak izanen dira”.

Ekarriko dituen aldaketak
Orain arte kontu korronteko 20 zenbakiekin identifikatzen ziren ordainketa eta kobraketak. Otsailetik aurrera IBANa (International Bank Account Number; 24 zenbaki) eta BICa (Bussiness Identifier Code, 11 zenbaki) izanen dira. Kutxek eta bankuek aurreratuak dituzte kontu korronte zenbakiak automatikoki IBAN eta BIC formatura bihurtzeko lanak.

Orain arte bezala ordainketa edo kobratzea egiterakoan kontzeptu bat jartzen segitu beharko da. Baina transferentzien kasuan 72 karakteretan azalpena eman beharrean 140tan emateko aukera izanen da. Zuzeneko Zorrak-Zordunketak produktuetan, ordea, kontzeptua 640 karakteretik 140ra murriztu da. Horrek mugatu egiten du zordunari bidaltzen ahal zaion informazioa, eta zordun batzuek zorraren datuen jakinarazpena fakturen bidez edo bestelako bideetatik egin beharko dute.

Helbideratze Aginduak deitzen ditugunek otsailetik aurrera Zuzeneko Zorren Mandatuak izena hartuko dute. Hurrengo hilabetetik aurrera informazioa trukatzeko sistema berriarekin, aurkezten den Zuzeneko Zor bakoitzarekin erregistro bat ere bidaliko da, Mandatuaren datuak jasoko dituena (informazio-multzoa). Itzultzeen inguruko guztia arautu dute ere, epeak zehaztuz. Azkenik, helbideratze-kontua aldatzeko nahikoa izanen da igorleari jakinarazpen formal bat bidaltzea.