Zabor tasen hobariak eskatzeko epea zabalik

Guaixe 2014ko urtarrilaren 16a

Urtean egin daitezke eskaerak Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako egoitzan. Eskatzen den unetik ezarriko da hobaria

Sakanako Mankomunitateak hiri hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatu edo desegiteko tasak arautzen dituen ordenantza eguneratu eta hobariak zehaztu ditu. Araudian jaso duenez, lau kasutan emanen ditu hobariak Mank-ek. Alde batetik, Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren onuradunek %100eko hobaria izanen dute. Horretarako, hori bai, Efektu Anitzetarako Errenta-Adierazle Publikoa (EAEAP) (8.838,34 euro urteko, 631,31 hileko) edo hori bider 1,3 eginez ateratzen den kopurua gainditzen ez badu.

Mank-en hobari hori bera izanen dute eskatzaileek ezkontide edo gisa bereko bizikidea dutenean eta bien diru sarrerak 1,35 aldiz EAEAPa gainditzen ez duenean. %100eko hobaria lortuko dute ezkontidea ez den beste familia-zama duten eskatzaileek ere, menpeko lagun bakoitzeko EAEAPa 0,23 handituko da.

Gehiago
Mank-i frogatzen badiote etxebizitzan ur eta argi zerbitzurik ez dutela, jabeek %70eko hobaria izateko eskubidea dute. Etxe bat bota eta berria jasotzeko baimena lortu dutenek ere ez dute zabor tasarik ordaindu beharko, behar bezala frogatzen badute. Azkenik, etxebizitzatik 500 metro baino gehiagora edukiontzia dutenek ere %100eko hobaria izanen dute.