Ibarreko kideak Nafarroako UGTren ezohiko biltzarra egitearen alde

Guaixe 2014ko urtarrilaren 16a

Javier Lekunberri, David Medina eta Juan Goien.

Garagarrilean Nafarroako UGTk bere 10. kongresua egin zuen. Juan Goien aukeratu zuten berriro idazkari nagusi kargurako, baina %47,39ko babesa besterik ez zuen jaso. UGTren zazpi federazioetatik seik eta sei eskualdeek, tartean Sakanak, “zuzendaritza sindikatuaren babes handia duen zuzendaritza  berritu eta berrindartu baten beharra” dutela adierazi zuten herenegun.

Sakanako UGTko arduradun David Medinak esan digunez, “arrazoi asko egon daitezke, baina Goienen hautagaitzak ez zuen nahikoa babes lortu”. Medinak azaldu digunez, “lan erreformak, murrizketak… Sakanan pentsatzen dugu bizi dugun egoeran, inoiz baino gehiago, sindikatu indartsu bat behar dugula. Konfiantza transmititzen duen sindikatu bat”. Horregatik, “sindikatuak eskaintzen dituen tresnak erabilita UGTren babesa duen beste pertsona bat aukeratzeko bidea zabaldu dugu”.

Epeak
Herenegun jakinarazi zuten bide hori abiatu zutela. Gauzak ongi martxoan Batzorde Erregionalak apribilerako ezohiko batzarra deitzea espero dute eta orduan zuzendaritza berria aukeratzea. Egunkariren batek zabaldu du Portlandeko enpresa batzordeko buru Javier Lekunberri izan zitekeela hautagaia. Baina Medinak azaldu digunez, “orain arte aldaketa traumatikoa ez izateko bidea aztertzen egon gara. Hori nahi genuen, zatiketarik ez sortzea eta ez mintzea”.

Izenez ez dutela hitz egin gaineratu du: “egun zuzendaritzan daudenenganako errespetuagatik ez dugu izenik aipatu. Gero hau guztia egiten ez bada, errespetu falta delako”. Orain prozesua abiatu dela eta martxoan deialdia egin ondoren, zuzendaritzarako hautagaiak aurkezteko garaia izanen dela gaineratu du.