Ezkurdia eta Zabaleta, irabazi beharrean

Guaixe 2014ko urtarrilaren 17a

Gaur jokatuko dute, Tolosan, 22:00etan (ETB1) Oinatz Bengoetxea eta Ladis Galarza ordezkatuko duen Ibai Zabalaren kontra

Biko sakandarrak oraindik ez du partidarik irabazi eta Binakako Txapelketan aurrera jarraitzeko gaur irabazi beharrean daude Ezkurdia eta Zabaleta. Hala onartu dute bi pilotariek argi eta garbi. "Finalerdietan sartzea zail edukiko dugula iruditzen zait, baina aukerak baditugu oraindik eta borrokatzen jarraitu behar dugu. Sailkatzeko, gaur derrigor irabazi beharra daukagu” adierazi du Zabaletak.

Ostiraleko partida “oso gogorra” aurreikusten du Zabaletak. “Ondo jokatzera eta lasai atera behar dugu” gaineratu du. Bestetik, gaineratu du “Ezkurdia pilotari oso ona dela, eta gustura” dagoela berarekin. Zertan huts egiten duten galdetuta, ondokoa dio etxarrendarrak. “22ra iristea da gehien kostatzen zaiguna. Josebak, tantoa hobeto bukatzen ikasi behar du, eta nik, pilota gutxiago galtzen”.

Joseba Ezkurdia iritzi berekoa da. Material aukeraketa egunean orain arte ez duela bere benetako maila eman onartu zuen arbizuarrak. Garaipen bat lortzea, hori da konfiantza berreskuratzeko gakoa, "beste guztia kolpean etortzen delako".

Ea gaur horrenbeste behar duten garaipena lortzen duten eta sakandarrak txapelketan guztiz sartzen diren.

Xalak eta Zubietak Irujo eta Barriola aurkari larunbatean IruñeanLabritek hartuko du, larunbat arratsaldean, Xala-Zubieta eta Irujo-Barriola arteko lehia ikusgarria. Partida borrokatua izango da, bi bikoek hiruna partida irabazita dituztelako eta txapelketako sailkapeneko bigarren postua baitago jokoan. Material aukeraketan laurak oso kritiko agertu ziren materialarekin "material baxua, txispa gutxikoa" omen zelako. Zubieta kantxara bueltatuko da bi aste jokatu gabe egon ondoren, eskuko mina zela eta. Ea nolako maila ematen duen.