Altsasuk eta Lagun Artea B-k berdindu eta Etxarrik irabazi

Guaixe 2014ko urtarrilaren 20a

Erregional maila. 16. Jardunaldia: Universidad de Navarra 1 – Altsasu 1 / Altsasu 1 – Lagun Artea B 1 / Etxarri Aranatz 4 – Errotxapea 3

Altsasuk bi partida jokatu zituen asteburuan. Batetik, Universidad de Navarraren kontra atzeratutako partida jokatu zuten ostiralean Iruñean. Haizea izan zen protagonista nagusia. Lehen zatian Altsasuk dominatu zuen jokoa, baina ez ziren gol aukera argirik egon. Bigarren zatian penalty bat huts egin zuen Altsasuk, eta OPUSekoak aurreratu egin ziren. Baina partida bukatzear zegoela bana berdintzea lortu zuten Claverren mutilek, Altsasura puntu bat ekarriz. Beste partida igandean jokatu zuten, Lagun Artea B taldearen kontra. Lehen zatian parez pare aritu ziren bi taldeak. Bigarren zatian Amiamak Altsasu aurreratu zuen 69. minutuan, baina partida bukaeran Lagun Artea B-k berdintzea lortu zuen Leozi esker. Puntu banaketarekin despeditu zen lehia.

Bestalde, Etxarrik bolada onean jarraitzen du eta Errotxapeari 4-3 gailendu zitzaion. Gutxinaka azkeneko puntuak atzean uzten ari dira etxarriarrak.

Sailkapen orokorrean Lekunberriko Beti Kozkorrek jarraitzen du lider, 36 punturekin, Amayari 6 puntu aterata. Lagun Artea B laugarrena da, 27 punturekin, eta Altsasu 6.a, 25 punturekin. Etxarri Aranatz sailkapenean igotzen ari da eta 13.a da, 16 punturekin. Asteburuan Lagun Artea B-k Zizurko Ardoi hartuko du, Beti Onak B taldearen kontra ariko da Altsasu eta Berriozar izango du arerio Etxarri Aranatzek.