Zorterik gabe

Guaixe 2014ko urtarrilaren 20a

Xala eta Zubieta.
Azkeneko jardunaldian galdu egin zuten Ezkurdia-Zabaletak eta Xala-Zubietak. Ostiralean elkarren kontra ariko dira, puntuen premian

Oinatz Bengoetxeak eta Ladis Galarza ordezkatzen zuen Ibai Zabalak euren bigarren garaipena lortu zuten Joseba Ezkurdiari eta Jose Javier Zabaletari 22-13 irabazi eta gero. Sakandarrek jokoaren erritmoa bizkortu zuten, izugarri jo zuten eta Zabala atzelaria estutu zuten, baina, atzera ere, errematean egin zuten huts. Partida lehiatua izan zen, joko askokoa. Oinatz Bengoetxea oso fin ibili zen, eta bere erremate ikusgarriekin Ezkurdia bera erotu zuen. Eta nahiz eta atzeko koadroetan Zabaletak sekulako pilotakadak jo, Ibai Zabalak agoantatzen jakin zuen. Hasieratik aurreratu ziren Asegarcekoak, eta nahiz eta bukaeran sakandarrak markagailuan gerturatu, ez zen nahikoa izan eta 22-13 galdu zuten partida.

Bestalde, Labriten jokatutako lehian Xala eta Zubietari 12-22 irabazi zieten Irujok eta Barriolak. Atzeko koadroetan leitzarrak lan asko egin zuen. Zubietak izugarri sufritu zuen, partidaren azken txanpan bereziki. Partida hasi eta 2-10 aurreratu ziren Irujo eta Barriola. Tantoa luzatu eta Irujok tantoa indartsu bukatu. Hori izan zen euren estrategia eta ongi atera zitzaien. Xalari kosta egin zitzaion jokoan sartzea eta Iberokoa oso fin zebilen aurrean. Partidako onena izan zen. Hala ere, Xala eta Zubieta aurkari serioak dira eta partidan sartzea lortu zuten, 9-14 hurbilduz. Baina hortik aurrera Zubieta sufritzen hasi zen, Barriolak ezker paretara bidalitako pilotak ezin erantzun. Xala ere partidatik desagertua zegoela zirudien eta, bukaeran, 12-22 gailendu ziren Irujo eta Barriola.  

Sakandarren derbya
Ezkurdiak eta Zabaletak orain arte jokatutako 5 jardunaldietan ez dute irabazi eta txapelketa oso aldapa gora jarri zaie. Eurak ere partida baino lehen argi zuten irabazi beharra zutela, txapelketan aurrera egiteko aukerak izateko, bederen. Baina ez da horrela izan eta gauzak izugarri zaildu zaizkie. Ostiralean Xala eta Zubietaren kontra aritu beharko dute, sakandarren arteko lehia zorrotzean. Ezkurdiak eta Zabaletak derrigor dute irabaztea, markagailua mustutzeko sikiera. Eta Xala eta Zubieta ere puntuatu beharrean daude. 3 puntu dituzte baina atzetik dituzten bikoek, Ezkurdia eta Zabaleta salbu, bina puntu dituzte. Beraz, sailkapenean gauzak estu daude eta puntuek urre balioa dute. Ea noren alde egiten duten.

Sailkapena
Olaizola II.a-Aretxabaletak 5 puntu, Irujo-Barriolak 4 puntu, Xala-Zubietak 3 puntu, Berasaluze-Albisuk, Bengoetxea-Galarzak, Titin-Merinok eta Urrutikoetxea-Beroizek bina puntu eta Ezkurdia-Zabaletak punturik ez.

6. jardunaldia
Xala-Zubieta / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, 20:30ean, Hendaian. ETB1)
Titin-Merino / Berasaluze-Albisu (larunbatean, 17:15ean, Logroñon. NITRO)
Olaizola II.a-Aretxabaleta / Irujo-Barriola (igandean, 17:00etan, Bilbon. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Galarza / Urrutikoetxea-Beroiz (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)