Gure Esku Dago dinamikak erabakitze eskubidearen alde mobilizazioa eginen du heldu den urtean: Durango eta Iruñea lotuko duen 123 km-ko giza katea. Dinamika horrek, erabakitzeko eskubidearen aldeko ariketaren inguruan lan egin nahi duten herritarrei aktibaziorako tresnak eta aukerak eskaini nahi dizkie. Horregatik, garagarrilaren 8an Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroak giza katearen bidez lotzera eta betetzera deitu ditu euskal herritarrak.
Hiru ideiaren inguruko auzolana proposatu du Gure Esku Dago dinamikak: “herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dagokigula eta herritarron garaia dela”. Horien inguruan elkarlanerako gonbidapena luzatu dute dinamikako kideek. Izan ere, “eskubide demokratikoa eta unibertsala den Erabakitzeko Eskubidearen inguruan, oraindik ere zabalagoa eta jendetsuagoa izan behar duen jendartearen erdigune sendo eta eraginkorra eraiki beharra dago”. Guztia, “geure etorkizunaz erabaki ahal izatea nahi dugulako”.
Plataformakoen ustez Erabakitzeko eskubidea “askotariko sentsibilitateen elkargunea” izan daiteke. Horregatik, herritarrengan utzi nahi dute eskubide horren aldeko lana “aktibatzeko” eginkizuna. “Ahalik eta askotariko, zeharkako eta zabalena” izatea nahi dute. Eskutik eskura ekimenaren bidez hurrengo asteetan herrietan erabakitzeko eskubidearen aldeko konplizitateak eta konpromisoak eskutik eskura etengabean pasatzea bilatuko dute.
Sakanan
Lizarrustitik sartuko da. Lizarragabengotik Aizkorberako bidea eginen du kateak. Parte hartzeko bi bide daude. Sakanako plataformako kideekin harremanetan jarri eta datuak eman beharko dizkie. Hartutako konpromisoaren adierazgarri den txartela jasoko du. Bestela, www.gureeskudago.net atarian sartu eta han datuak eman. Eskualdearen arabera katean parte hartzeko proposamen batzuk jasoko ditu eta haien artean aukeratuko ditu. Internet bidez Hemen behar zaitugu estekan klikatu eta betetzeko zaila den tokietara bideratuko dute. Parte-hartzaile guztiek giza katean parte hartzeko kit-a jasoko dute 5 euroren truke.