Udalbiltzaren nazio bilera otsailaren 22an izanen da, Ordizian, estatuen inposaketari aurre egiteko eta euskal identitatearen aldeko neurriak adosteko. Ekimen praktikoen bidez “euskal identitatea eta herritartasuna ozen adierazteko ekimen praktikoak” landuko dituzte.
Hautetsiek elkarlanean aztertuko dituzten dinamikak izanen dira: Espainiako bandera jartzeko aginduari erantzuna ematea; Euskal herritartasun agiria sustatzea; Interneteko domeinu propioak garatzea eta Aberri Eguna baliatzea, nazioa garela aldarrikatzeko ez ezik, Euskal Herria aintzat hartzen duten eragile eta herritarrak elkartzeko, eta pauso berriak jakinarazteko.
Udalbiltzako zuzendaritzak, bestalde, txalotu egin du etxarriar batzuen ekimenez herrian eginen den independentziari buruzko galdeketa: “ariketa demokratikoa da eta Euskal Herriaren burujabetzari buruz galdetuko dute. Kataluniaren ere egin zituzten herri galdeketak; arrakastatsuak eta iparra markatu zutenak izan ziren”.