Etorkizuna badago

Guaixe 2014ko urtarrilaren 22a

Finalista guztiek talde argazkia atera zuten. Argazkia: Utzitakoa.
Sakanako Pilota Txapelketako finalak jokatu ziren larunbatean Arbizun eta Lakuntzan

Sakanako pilota klubetan aritzen diren 60 bikotek hartu dute parte Sakanako Pilota Txapelketan. Ondoko klubetako pilotariak lehiatu dira: Irurtzun, Altsasuko Pilotajauku, Etxarri Aranazko Gure Pilota Elkartea, Arbizuko Aldabide, Olaztiko Sutegi eta aurten sortu berri den Lakuntza. Larunbatean final handiak jokatu ziren Arbizun eta Lakuntzan, 11 final guztira, kategoria guztiak kontuan hartuta. Giro ona izan zen eta pilotariek ikuskizun polita eskaini zuten. Kategoria nagusien finalak Lakuntzan jokatu ziren, Behar Zana pilotalekua beteta zegoela. Oso lehiatua izan zen nagusien finala eta azkenean txapela Irurtzunera eraman zuten Ijurrak eta Arrutik, Aldabideko Murgiondori eta Agirreri 22-15 irabazi eta gero. San Saastinetan murgilduta zegoen Lakuntza, festa giroan, eta giro bero hori ere frontoian nabaritu zen. Sariak Oscar Lasak eta Joseba Ezkurdiak banatu zituzten. Iragana, oraina eta etorkizuna du, pilotak, Sakanan.

Sakanako Pilota Txapelketako finalak
Txikiak: Escudero-Cocera (Lakuntza) 18 / Jaka-Oiarbide (Gure Pilota) 2
Umeak 2: Baztarrika-Arretxe (Aldabide) 18 / Araña-Albarrazin (Gure Pilota) 14
Umeak 1: Erdozia-Altzelai (Gure Pilota) 18 / Gaintza-Gorostieta (Irurtzun) 6
Kimuak 2: Olaetxea-Imaz (Aldabide) 18 / Jimenez-Gorrotxategi (Aldabide) 5
Kimuak 1: Imaz-Mariñelarena (Aldabide) 18 / Laso-Azpiroz (Irurtzun) 8
Haurrak 2: Reparaz-Ganboa (Aldabide) 18 / Astiz-Araña (Gure Pilota) 12
Haurrak 1: Olaetxea-Petriati (Aldabide) 18 / Otxoa-Igoa (Gure Pilota) 9
Kadeteak 2: Calvo-Arbizu (Sutegi) 18 / Bengoetxea-Galartza (Pilotajauku) 14
Kadeteak 1 (lau t´erdian): Ramirez de Alda (Pilotajauku) 18 / Goikoetxea (Aldabide) 2
Gazteak: Zudaire-Ustarroz (Irurtzun) 22 / Galartza-Grados (Pilotajauku) 6
Nagusiak: Ijurra-Arruti (Irurtzun) 22 / Murgiondo-Agirre (Aldabide) 15