Administrazioan Euskaraz taldeak Olatzagutiako Euskararen Ordenantzaren defentsan atera nahi du.
Olatzagutia Sakanako eskualdean dago. Hain zuzen ere, Burunda bailaran. 1.662 biztanle ditu, 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera.
Olatzagutiako euskaldun kopuruari dagokionez, datuak ez daude gaurkotuak. 2001ean % 21’31k ongi hitz egiten zuen euskaraz eta % 24’75ek zailtasunez. Pentsa daiteke 12 urte geroago portzentaia horiek altuagoak direla.
Olatzagutiako Euskararen Ordenantza 2013ko abuztuaren 28an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Horko PPko zinegotzi baten helegitearen bidez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2013ko abenduaren 20an zenbait artikulu baliogabetu zituen, beste batzuen legalitatea berrestearekin batera.
Gaztelaniaz jasotako idazki bati euskaraz erantzuteko aukera izatea onartu zuen Olatzagutiako Udalak, ziur aski oso kasu berezietan erabiltzeko asmoz. Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu zuen aukera hori.
Irudi korporatiboan eta errotulazio finko eta noizbehinkako jakingarrietan bi hizkuntzak erabiltzeko aukera eta euskaraz bakarrik egitekoa onetsi zituen Udalak.
Euskara sustatzeko asmoz, euskaraz bakarrik erabiltzeko irizpideak hauexek izan ziren: Testuaren grafia antzekoa denean euskaraz eta gaztelaniaz; mezuaren edukia argi eta garbi adierazten duen piktogramak osatzen duenean; eta ezagutzera eman beharreko jarduerak eta hartzailearen berezitasunek horretara behar dutenean.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu ditu irizpide horiek eta euskara bakarrik erabiltzeko aukera.
Olatzagutiako egoera soziolinguistikoa ez da une honetan UEMAn sartzeko modukoa, baina euskarak mendeetan zehar jasandako jazarpena da arrazoia. Euskara sustatzeko eta hizkuntza nagusia bihurtzeko asmoa badute herritarrek. Horrexegatik, Udalean duten ordezkariek onartu zuten Euskararen Ordenantza hori.
Eremu euskaldunean izanik ere, Euskararen Legearekin eta Euskararen erabilera arautzeko Foru Dekretuarekin egin dute topo. Kasu batzuetan, euskararen erabilera hutsa arrazoizkoa izan arren, hala ere gaztelaniaren inposaketarekin egin dute talka.
Horrek berresten du Nafarroako Euskararen Legea ez dela egokia, ezta eremu euskaldunerako ere.
Edozein modutan, testu elebidunetan euskarari lehentasuna ematea eta komunikazioak euskara hutsez bidaltzeko horrela jaso nahi dituzten herritarren zerrenda egitea legaltzat jo ditu Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Baita euskara lan hizkuntza moduan erabiltzeko Ordenantzak araututakoa ere.
Gure taldeak uste du Olatzagutiako Euskararen Ordenantzarekin gertatu dena konpontzeko Euskararen Legea eta Euskararen erabilera arautzeko Foru Dekretua aldatu behar direla, euskaraz bakarrik erabiltzeko Ordenantzak barneratzen zituen irizpide horiek legalak izan daitezen.
2014ko urtarrilaren 20an.