Gure artean denok ezagutzen ditugu edo ezagutu ditugu behar bereziak dituzten pertsonak: behar fisikoak, psikikoak edota kognitiboak.
Gizartearen oraingo garapenari esker denok ikusten ditugu arrunt, inongo zalantzarik gabe, pertsona hauek beren beharretara egokitutako hezkuntza jasotzea, enplegurako lantoki berezietan lan egitea, lantokiak egokitzea…
Baina orain dela 50-60 urte ikuspuntua ez zen horrelakoa.
Behar bereziekin jaiotzen zen haurra etxean geratzen zen, ama ,aita eta etxekoen altzoan. Gero ardura etxean gelditzen zenarengan erortzen zen.
Orain gauzak desberdinak dira. Etxean gelditzen denak normalean kanpoan beste lan bat dauka eta ardura hori ezin du onartu.
Azken garaiotan Gizarte Zerbitzuetan orain dela 50-60 urte jaiotzako “haur” horien familiak etorri izan zaizkigu. Hainbat egoera dago, familia adina egoera.
Baina eskaera komuna: gurasoak, bizitza osoan zaintzaileak izan direnak hil dira edota gaixotasunak edo adina direla eta, ezin dute gehiago zaintza hori aurrera eraman.
Eta orduan zer? Sakanan ez dago bizileku alternatiborik pertsona hauentzat. Ezin dira bakarrik bizi, Geriatriko batean bizitzeko gazteegiak dira eta…
Nafarroan osoan ere ezgaituentzako plaza gutxi dago, bai Zentroetan, bai Tutelapeko pisuetan.
Familientzat buruhauste ikaragarria da. Behar bereziko pertsona hauen zenbait guraso , beraien adina aurrera doala ikusita, etorri izan dira beraien seme-alaben geroa ziurtatzeko asmoarekin dauden aukerengatik galdetzera.
Anaia-arrebak dauden kasuetan arazo “morala” ere sortzen da. Orain arte ama eta aita egon direnez gure anaia edo arreba babestuta egon da, etxean eta orain… guk ezin dugu atenditu gure familiak ,gure lanak ditugulako…nola ulertu behar du orain zentro batean bizi behar dela? Eta herritik urruti gainera ?
Oso garbi ikusten dugu baliabide falta dagoela eta arlo hau garatzeko lan handia egin beharko dela.