Nafarroako Kirol Mankomunitateak kinka larrian daude, ez baitute Nafarroako Gobernuko diru-laguntzarik jaso. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak kirol aktibitateak bulkatzeko diru partida zehaztua du entitate sozialendako, baina ez du gauzatu.
6 Kirol Mankomunitate, tartean Sakanakoa
Nafarroako Kirol Mankomunitateak 90. hamarkadan jaio ziren, Nafarroako Gobernuak berak bulkatuta, toki erakundeak inplikatuz. Helburua herritarrei kirol praktika egiteko aukera eta eskubidea eskaintzea da, bereziki toki erakunde ertain eta txikienei, kasu batzuetan euren oinarrizko kirol antolaketa sendotu beharrean eta bestetan sortu beharrean baitziren toki erakunde hauek. Egun 6 Kirol Mankomunitate daude Nafarroan: Araitz-Areso-Betelu-Larraun-Lekunberri, Nafarroa hegoaldea, Sakana, Erdialdea, Ultzama eta Ilzarbe ibarra. Bere garaian Nafarroako Gobernuak milioi bat euroko laguntza eman zuen entitate sozialek kirol aktibitateak bulkatzeko partidari. Diru laguntza hauetan aipatu mankomunitateek burututako kirol programa laguntzeaz gain –Mankomunitateek antolatutako kirol ekitaldiak, herrietako kirol klubei emandako laguntzak, mankomunitateek antolatutako kirol eskolak, herri kirol eskolak, emakumeei, gaixoei, ezgaitasunak dituztenei, ikasleei eta beste zuzendutako kirol programak eta beste– 3. adinakoei bideratutako aktibitate fisikoa jasotzen da.
Baina diru-laguntza kopuru hori izugarri jaitsi da. 2011an Nafarroako Gobernuak ez zuen diru-laguntza hori exekutatu eta 2012an partida atera zuten: 100.000 euro 2011ko gastuak estaltzen laguntzeko eta 150.000 euro 2012rako. Partida bi urtetan banatu zuten. 2013rako 180.000 euroko partida zegoen baina ez dute deialdirik atera eta 2004rako ez dago esaterik partidarik ere egongo den. Egoeraren aurrean, Nafarroako 6 Kirol Mankomunitateetako ordezkariak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko (NKGI) zuzendari Pruden Indurainekin bildu ziren. “Berak esan zigun euren lehentasunen zerrendan lehenengoak ginela eta partida askatzen zutenean lehenengoak izango ginela guri zegokiguna jasotzen. Baina ez du hitza bete, abenduan klubendako diru laguntza deialdia atera baitzuten eta gurea ez” azaldu du Sakanako Mankomunitateko Amaia Gerrikagoitia teknikariak.
Nafarroako 6 Kirol Mankomunitateek Nafarroako Parlamentuko ordezkari politiko guztiei egoeraren berri eman zieten. Bildu-Nafarroak, Aralar-NaBaik eta Geroa Baik baiezkoa eman zieten eta Parlamentuko lan saio batera gonbidatu zituzten. Nafarroako Kirol Mankomunitateetako 4 ordezkari izan ziren bertan –Sakanako Mankomunitateko Amaia Gerrikagoitia teknikaria, Araitz-Areso-Betelu-Larraun-Lekunberriko Ruben Goñi teknikaria, Ilzarbe bailarako teknikari Esther Villar eta Ultzamako teknikari Asier Uriarte–, azalpenak ematen. “PPko Amaia Zarranzek esan zigun berari ez zitzaiola gure eskaria iritsi, baina berak ere bat egiten zuela” gaineratu du Gerrikagoitiak. “Lan saioan gure kexua aurkeztu genuen. Adierazi genien diru-laguntzarik ezean landa eremuetako eskualdeetan kirol zerbitzu publikoak arriskuan daudela. Gure mankomunitateek Nafarroako 85.000 biztanleri ematen diegu zerbitzua. Kirola egitea ezinbestekoa da osasunarendako, gaixotasunen prebentziorako. Horretaz gain hainbat balore sustatzen ditu: errespetua, elkartasuna, laguntasuna, berdintasuna, integrazioa, talde bat osatzearen garrantzia… Guk kirola sustatzen dugu: hainbat kirol ekitaldi antolatzen ditugu, ikastaroak, herrietako kirol klubei laguntza ematen diegu, bertako herri kirolak sustatzen ditugu, eta 3 diru iturri nagusi ditugu: Udalak, erabiltzaileek ordaindutako kuotak eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza” azaldu digu Gerrikagoitiak. Azken diru-laguntzarik gabe ezinezkoa da zerbitzu duina ematea.
Okerrena da diru partida zehaztua zegoela, eta Mankomunitateek euren eskaintza egin dute. Orain, urte bukaeran, oraindik ez da partida exekutatu. Mankomunitateek NKGI-ri eskatzen diote deialdia atera dezala, 2013ko partida exekutatu dezala eta 2014rako diru partida jaso dezatela. Jakin izan dutenez, 2014an ez da partidarik sartu.
Pruden Indurainen azalpenak
Bildu-Nafarroak, Aralar NaBaik eta Geroa Baik eskatuta, ilbeltzaren 15ean NKGI-ko zuzendari Pruden Indurain Nafarroako Parlamentuko Gizarte Politika batzordean izan zen, azalpenak ematen. Indurainek azaldu zuen entitate sozialek kirol aktibitateak bulkatzeko diru partidak bi lerro hartzen dituela, kirol Mankomunitateek antolatutako kirol programa guztia eta 3. adinakoen aktibitate fisikoaren sustapena. “Gure departamentuak ikerketa sakona egin du eta lehentasunak ezarri ditu, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren funtzionamendurako inportanteenak diren zerbitzu eta ekintzak zehaztuz: Nafarroako Kirol Jolasak, eskola-kanpainak, federazioei eta klubei laguntzak, kirol probak, Migel Indurain fundazioa, kirol instalakuntzetan egin beharreko lanak… Nahiz eta Kirol Mankomunitateei emandako laguntza guretako garrantzitsua izan, ez da aurreko guztiak bezain garrantzitsua. Saiatu gara aipatu partidarako baliabideak jartzen, baina diru sarreren kapituluaren eboluzioa ez dela esperotakoa izan, ezin izan dugu partida bere osotasunean erabili. Horrela, 3. adinakoen aktibitate fisikoaren sustapenari erantzun diogu, horretarako 30.649 euro zehaztu ditugu. Nafarroako 30 toki erakunde lagundu ditugu, 45 talderi eta 800 parte hartzaileri. 2014an ez izan zalantzarik kirolean eta gazterian lanean jarraituko dugula, baina lehentasunak jartzen jarraituko dugu. Gutxienik 2013an bezala lanean jarraituko dugu” azaldu zuen Indurainek.
Parlamentarien kritikak
Bilduko Aitziber Sarasolak gogor kritikatu zuen Indurain. “Horrek zer esan nahi du, 2013an Mankomunitateek ez dutela diru-laguntzarik jasoko? Eta 2014an ahalegin berbera egin behar bada ez da dirurik izanen? Mankomunitateek ez dute informaziorik jaso, gutxienik erantzun bat behar dute. Gobernuak Mankomunitateak kinka larrian jartzen ditu, euren lanpostuak berak kolokan. Eurek landa-eremuan antolatzen duten guztia, kirol ikuskizunak, herri kirolen lanketa, pilota eskolak, kirol kluben laguntza… nork hartu behar du bere gain, Kirol Institutuak?” salatu zuen Sarasolak. Aralar-NaBaiko Asun Fernandez de Garaialde eta Lazkano iritzi berekoa zen. “Kirol Mankomunitateak Nafarroako Gobernuak berak bulkatuta jaio ziren eta orain nork egingo du euren lana? Udalek ezin dute gehiago eman, itota daude. Kirol Mankomunitateek diru horrekin kontatzen zuten eta ekitaldiak antolatu dituzte. Orain nola finantzatuko dute hori? Gutxienez erantzun ezazue ea dirurik emango duzuen ala ez, Mankomunitateek jakiteko zer espero dezaketen” adierazi zion altsasuarrak Induraini. Geroa Baiko Patxi Leuzak ere kritika sendoak plazaratu zituen. “Lehentasunak badaude, adierazi argi eta garbi zeintzuk diren. Kirol Mankomunitateak Gobernuak sortu zituen, landa eremuetako 180.000 nafarrei kirol zerbitzua emateko eta ez soilik 3. adinekoei zerbitzua emateko. Azpimarratu behar da kirol teknikari horiek, udalek eta herritarrek egindako esfortzua” gaineratu zuen. UPNko Rapunek, bere aldetik, lehentasunak aplikatu direla azaldu zuen eta Induraini eskatu zion ea esfortzuren bat egin dezaketen, Mankomunitateek zer edo zer jasotzeko. Alderdi Sozialistako Maria Victoria Arraizak salatu zuen Institutuak aurrekontuan murrizketa handia jaso duela eta horregatik ezarri behar izan dituela lehentasunak. PPko Amaia Zarranzek adierazi zuen gutxienik Mankomunitateei esan behar zaiela zer espero duten. “Ez da posible diru partida bat egotea, eurek euren egutegia antolatzea eta urte bukaeran oraindik ez jakitea dirurik jasoko duten ala ez”. Eta Ezkerrak gogor salatu zuen lehentasunen kontuan partida batzuk murrizketarik ez eta beste batzuk %100eko murrizketak jasotzea.
Pruden Indurainek berretsi zuen gogor ari direla lanean. Onartu zuen kirol mankomunitateetako teknikariek lan handia egiten dutela baina institutuan “lehentasunak jartzea” tokatu zaiela eta hala egin dutela. “Aurrekontua dagoena da eta kontzientzia lasai daukat, %200ean lanean gaudelako” gaineratu zuen.
Astelehenean Parlamentuko lan mahaia bildu
Astelehenean Parlamentuko lan mahaia elkartuko da, goizeko 10:00etan, eta atzera ere gaia aztertuko dute. Han izango dira ere Kirol Mankomunitateetako ordezkariak.
Sakanan
Amaia Gerrikagoitia teknikariak azaldu digunez, aurten Kirol Zerbitzuan zehaztutako plangintza guztia bete da. “Nafarroako Gobernuko partidaren sarrera ez dugu jaso, eta kontuak ixten direnean ikusi beharko dugu falta den diru hori nondik jaso, diruzaintza nola konpondu” esplikatu digu. Diru-laguntzak jasoko diren edo ez ez jakiteak “dena baldintzatzen du. 2014ko aurrekontuak prestatzen gaude eta Nafarroako Gobernuaren diru partida ez dugu jaso. Aurrekontua estutzen saiatu gara” gaineratu du.