Langabetuak trebatzen

Guaixe 2014ko urtarrilaren 23a

Otsailetik garagarrilera gaztelania, matematikak eta teknologia ikastaroak eskainiko dira

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza gutxi duten eta oinarrizko titulaziorik ez duten langabetuei zuzendutako ikastaroak eskaini zituen irailean. Lan munduan sartu ahal izateko langabe horiek garrantzitsuak diren gaitasunak eskuratzeko modua izan dute horrela. Ikastaroa gainditzen dutenek 2. mailako profesionaltasun ziurtagiria jasoko dute. Harekin Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako ikastaroetan izena emateko aukera izanen dute.

Hala, iraila eta otsaila artean, 17 langabetu gaztelania eta matematika ezagutzak hobetu dituzte Altsasun. 40 urte baino gehiago duen bertako emakumea, hori da izena eman dutenen profila.

Deialdi berria
Otsaila eta garagarrila bitartean prestakuntza gutxi duten langabetuak trebatzeko Altsasun hiru ikastaro izanen dira: matematikak, gaztelania eta teknologia. Otsailaren 7ra arte eman daiteke izena Altsasuko enplegu bulegoan edo Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez, zerbitzu katalogoan sartuta.