Duela bost urte suhiltzaileek euren nagusiarekin hitzarmena itxi zuten eta zehaztu zuten Nafarroako 12 parkeetarako, zerbitzu egokia emateko, 388 suhiltzaile beharrezko zirela. Nafarroako Gobernutik orain diote nahikoa direla 317 suhiltzaile. Gainera, suhiltzaile horiek Nafarroako edozein parketan lan egitea nahi dute foru administrazioko arduradunek. Hau da, erabateko mugikortasuna.
Suhiltzaileak ez daude gobernuaren asmoekin ados. Euren ordezkariek esan dutenez, “Nafarroako Gobernuak daraman murrizketa politikan oinarrizkoak diren zerbitzuak kaltetu ditu: hezkuntza, osasuna… Orain larrialdien txanda da”. Suhiltzaileek Nafarroako Gobernuari leporatu diote plantilla berritzeko sinatuta dagoen lan hitzarmena ez betetzea. Protesta moduan parkeetan eta ibilgailuetan “suhiltzaileak behar dira” leloa duten pankartak eta kartelak jarri dituzte.
Langileak behar dira
Altsasuko parkeko langileek berretsi digute Nafarroan suhiltzaileak behar direla. “Duela bost urte akordioa sinatu zenetik kideak jubilatu egin dira, batzuk eszedentzian daude, gaixotasunagatik bajan dauden besteak… Haien lanpostuak ez dira ordezkatu”. 317 suhiltzailerekin zerbitzuaren kalitatea ez dela bermatuko argi eta garbi dute langileek, “herrietako parkeetan gutxieneko langile kopuruaren azpitik egonen ginateke askotan”.
Langileek gogora ekarri dute azken bost urteetan 55 urtera iritsi diren kide asko daudela. “Adin horrekin zerbitzu laguntzaileetara pasatzeko aukera daukagu, zeren 55 urterekin jende asko ez dago zerbitzu operatiboan aritzeko moduan”. Altsasuko suhiltzaileek esan digutenez kide asko daude zerbitzu laguntzaileetara pasatzeko zain, “baina zuzendaritzak trabak jarri ditu aldaketa hori ez egiteko eta 60 urtera arte operatiboan segitzeko”. Neurri hori zerbitzuaren kalterako dela esan digute: “gure lanaren ezaugarriengatik adin horrekin baldintza onetan egotea oso zaila da”. Horregatik, zerbitzuaren kalitatea mantentzeko, plazak ateratzeko oposizioak deitzea eskatu dute suhiltzaileek.
Segurtasuna
Eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean ere suhiltzaile kopuru bat edo beste eragina duela nabarmendu nahi izan dute. Langile kopurua jaisteak zuzenean eragina du suhiltzaileen segurtasunean. “Ez da berdina lau suhiltzaile edo hiru egotea”. Ikerketetan oinarritu dira: “sute batean erreskate bat egin beharko balitz, lau suhiltzailez osatutako taldeak hirukoak baino %80 eraginkorrago erreskatatuko luke pertsona etxetik”. Beste ikerketa baten arabera sute bati aurre egiterakoan lau suhiltzaileko talde batek hiruko baten denbora erdian eginen luke lana.
Binaka lan egiten dute suhiltzaileek, elkarri laguntzeko eta segurtasunagatik. Sute batean, esaterako, lau izanez gero, bi barrura sartzen dira eta beste bik kaletik lan egiten dute eta barruan zerbait gertatuz gero biak sartzen dira barrura. “Hiru bagaude, pertsona batek ezin du erreskate bat egoki egin. Guretako ere arriskua da. Sute horretan gutako inori ezer gertatuko balitzaio, ezingo liguke lagundu”. Haien lan baldintzak asko okertuko liratekeela azaldu digute.
Gainera, suhiltzaileak kexu dira prestakuntzarik gabe gelditu direlako. “Urtean 40 ordu genituen prestakuntzarako eta ekonomia aitzakiengatik gabe utzi gaituzte”.
Mugikortasuna
Gutxieneko kopurua da 317 suhiltzailerena. Bakarren bat gaixo jarri, eszedentzia hartu edo istripua izanen balu ordezkorik ez legoke eta parke asko gutxieneko suhiltzaile kopuruaren azpitik geldituko lirateke. Neurri horrekin batera suhiltzaileei erabateko mugikortasuna ezarri nahi die gobernuak. Hau da, parke batean lan postua izan arren Nafarroako beste edozein parketan lan egitea. Horrek parke bakoitzeko gutxieneko langile kopurua ez bermatzeko bidea ematen du baldin eta langileren bat gaixo edo bajan badago.
Altsasuko parkea
Berez 21 suhiltzaile egon beharko lukete baina 24 daude. Lekualdaketan atera zirenean Altsasuko parkeko langileek haiek ez hartzea eta bertan gelditzea erabaki zuten. Langileen erabaki horri esker Altsasuko parkean urteko egun gehienetan lau suhiltzaile daude. Horrek zerbitzuak bikoizteko aukera ematen die. Hau da, bikote bat anbulantziarekin irten diren bitartean beste bikotea errepidean eroritako zerbait garbitzera joan daiteke. Hiru daudenetan, hirurak zerbitzu bakarrean ariko lirateke eta parkean ez litzateke suhiltzailerekin geldituko. Zerbait gertatuko balitz Iruñetik etorri beharko lukete.
Zerbitzua ematen dioten eskualdearen berezitasunak ere aipatu dizkigute suhiltzaileek: “Ziorditik Goizueta bitarteko eremua hartzen dugu. Espazio asko da. Trafiko handia duten hiru autobia eta trenbidea daude. Industria dago…” Haien egoeraren berri emateko suhiltzaileek udaletan idatziak aurkeztu dituzte.
Aitortza
Nafarroako Gobernuak berak nabarmendu du suhiltzaileen jarduna, irteera kopuruan eta haietan duten eraginkortasunagatik. “Estatuko hirugarren erkidegoa gara, interbentzio bakoitzaren kostu txikiagatik eta eskaintzaren estalduragatik”.