Ezkurdia eta Zabaletaren lezioa

Guaixe 2014ko urtarrilaren 27a

Lau pilotariak material aukeraketan.
6 tantotan utzi zituzten Xala-Zubieta. Larunbatean Olaizola II.a eta Aretxabaleta ahaltsuak izanen dituzte arerio. Aldiz, Xala eta Zubietak egoerari buelta eman nahi diote Titin eta Merino errioxarren kontrako lehian.

Kosta egin zaie baina lortu dute. Ezkurdiak eta Zabaletak Binakako hasierako ligaxkako lehen partida irabazi zuten ostiralean Hendaian, Xalaren etxean, lapurtarrari eta Aitor Zubieta etxarriarrari 22-6 irabazi eta gero. Garaipen itzela izan zen arbizuarrarendako eta etxarrendarrarendako, aspaldi bilatzen zutena eta lortzea kosta zaiena, baina oso mingarria Xalarendako eta etxarriarrarendako.

Partidarik irabazi gabe iritsi ziren Hendaiako lehiara Ezkurdia eta Zabaleta, eta partida beste modu batean planteatzea erabaki zuten. “Txapelketa ahaztu eta zenbat jokatzeko gai garen demostratzera aterako gara” adierazi zuen Ezkurdiak material aukeraketan. Eta badirudi estrategiak funtzionatu duela, hasieratik nagusi izan baitziren sakandarrak. Astindu ederra eman zieten Xalari eta Zubietari, takada batean 10-0 aurreratu baitziren, sakea aprobetxatuz. Hezetasunagatik Hendaiako frontoia oso irristakorra zegoen eta lesionatzeko beldurrez atera ziren kantxara pilotariak; Ezkurdia eta Zabaleta egokitu ziren hobe egoera horretara. Zubieta, aldiz, ez. Aitor Zubieta estu hartzea izan zen sakandarren estrategia eta asmatu zuten, etxarriarra ezinean aritu baitzen, Xala ezin lagundu. Katedrak Xala eta Zubietaren garaipena espero zuen baina sakandarrek sekulako sorpresa eman zuten. Zabaletak izugarri astindu zuen pilota eta Zubieta zigortu zuen, eta aurreko koadroetan Ezkurdiak ongi asmatu zuen. Xala ia desagertua egon zen. Azkenean 6 tantotan utzi zituzten Xala eta Zubieta.

Arerio latzak
Lehen puntua lortzeak konfiantza eman die Ezkurdiari eta Zabaletari, eta konfiantza hori guztia eta gehiago beharko dute larunbatean, txapelketan jaun eta jabe diren Olaizola eta Aretxabaletaren kontrako partidan. Orain arteko partida guztiak irabazi dituzte Olaizolak eta Aretxabaletak, nagusitasun handiz. Sakandarrek ez dute ezer galtzeko eta lehen garaipenak ematen duen betekadarekin ea atzera ere sorpresa emateko gai diren. Bestalde, ongi hasi zuten txapelketa Xalak eta Zubietak baina azken jardunaldietan maldan behera egin dute. Konfiantza eta jokoa berreskuratu beharrean daude lapurtarra eta etxarriarra, eta ea igandean Titin eta Merinoren kontra lortzen duten. Partida Logroñon jokatuko dute, errioxarren gotorlekuan, eta horrek ez die mesede eginen. Baina ea buelta etortzen den.

Sailkapena
Olaizola II.a-Aretxabaletak 6 puntu dituzte, Irujo-Barrilak 4, Berasaluze-Albisuk eta Xala-Zubietak hiruna puntu, Bengoetxea VI.a-Galarzak, Titin III.a-Merino II.ak eta Urrutikoetxea-Beroizek bina puntu eta Ezkurdia-Zabaletak puntu bat.

7. jardunaldia
Irujo-Barriola / Urrutikoetxea-Beroiz (ostiralean, 20:15ean, Irunen. ETB1)
Olaizola II.a-Aretxabaleta / Ezkurdia-Zabaleta (larunbatean, 17:00etan, Iruñean. NITRO)
Berasaluze-Albisu / Bengoetxea-Galarza (larunbatean, 17:30ean, Idiazabalen)
Titin III.a-Merino / Xala-Zubieta (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)