Lagun Artea B taldeak 4-0 hartu zuen menpean Zizurko Ardoi, partida oso lehiatuan. Lehen zatira bi goleko errentarekin joan zen Lagun Artea B, eta bigarren zatian garaipena indartu zuen. Lagun Artea B-k xenda oso ona darama eta goiko postuetan egoteko borrokan sartu da.
Bestalde, Altsasuk beheranzko joerarekin jarraitzen du. Atarrabiako Beti Onak B taldeak 4-3 irabazi zion Altsasuri, maila handiko partidan. Beti Onak B izan zen markagailuan aurreratu zena, lehen minutuan, baina hurrengo minuturako berdindu zuen Dariok. Bi gol sartu zituen Beti Onak-ek, baina atsedenaldira joan baino lehen 3-2 gerturatu zen Altsasu, Aitorri esker. Bigarren zatian hirura berdindu zuen Andonik, baina 72. minutuan laugarren gola sartu zuen Beti Onak taldeak eta horrela despeditu zen lehia.
Bukatzeko, garaipenen bolada hautsi zuen Etxarrik, 5-2 irabazi baitzion Berriozarrek. Lehendabiziko ordu erdian 4 gol sartu zituen Berriozarrek eta partida zeharo bideratu zuen. Etxarri erasoan hasi zen etengabe eta atsedenaldia baino lehen Pablok gola sartzea lortu zuen. Bigarren zatian Berriozarrek beste gol bat sartzeko beta izan zuen, eta nahiz eta Eduardok Etxarriren bigarren gola sartu, markagailua ez zen gehiago mugitu eta punturik gabe etxeratu ziren etxarriarrak.
Sailkapena eta datorrena
Sailkapen orokorrean Beti Kozkor lehena da (39 puntu). Lagun Artea Bk 4. postuan jarraitzen du (30 puntu), Altsasu 7. postura jaitsi da (25 puntu) eta Etxarri 14. postuan dago (15 puntu). Asteburuan Beti Onak B izanen du arerio Lagun Artea B-k eta Altsasuk Beti Kozkor liderra hartuko du Dantzalekun. Etxarri Aranatzek ere etxean jokatuko du, San Donato zelaian, Barañaingo Lagunak B taldearen kontra.