Joan den astean Andorran izan nintzen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Mikel Belasko irakaslearekin batera. Gu biok ikerketa talde baten partaide gara eta Pirinioetako alde horretako toponimia aztertzen ari gara, Koldo Mitxelenak “Toponimia, Léxico y Gramática” artikuluan zioena betetzeko nahian; hau da, leku izenen ikerketaren bitartez gure hizkuntzaren historian sakontzeko. Mitxelenak berak aitortzen zuenez arazoak izan zituen bere lana aurrera ateratzeko, nolabait toponimiarena beste batzuen esparru pribatutzat hartzen baitzen eta esparru horien muga ikusezinak gainditu zituelarik, egurra eman nahi izan ziotelako, beren ehiza-barrutiak bortizki eta era basatian defendatuz.
Honi buruz asko dakigu toponimia eta oikonimia lanetan bizitza osoa eman dugunok. Toponimia alor interesgarria eta aberatsa da, gure historia hobeki ezagutzeko beharrezkoa eta, halaz ere, zer nolako inbidiak sortu diren leku izen solte ziztrin batzuen inguruan. Hau honek azter dezake eta honek ez. Honek badu ikertzaile bulda eta honek ez … Horregatik eskertu nuen bihotz-bihotzez Mikel Belaskok egin zidan gonbitea, Andorrako Gobernuak diruz lagundutako ikerketa talde batean sartzeko, hango toponimia aztertzeko. Nik, jakina, bi aldiz pentsatu gabe baietz esan nuen eta, era honetan, ia maletak egiteko denborarik gabe, hara non neure buru sakandar hau Andorra la Vellan aurkitu nuen.
Hantxe toponimiaren inguruan bildutako talde atsegin bat ezagutu ahal izan nuen, Axularren moduan lagunarte gozoan aurkitu nintzen ezezagun haiekin. Taldea ez zen batere itxia eta ehiza-barrutirik defendatzeko beharrik ez zeukan ehizara joateko asmorik ez zutelako; alderantziz, lehenengo unetik harrera ezin hobea egin ziguten andorratar haiek eta beren talde haren partaide egin gintuzten.
Konpainia on hartan, katalanez baizik mintzatzen ez ziren lagunen artean geundela, “ekharri zuen solhasak, izan zen perpausa”, hau da, hizketa gaia izan zen ezen toponimia baliatuz euskararen aztarnak bilatu behar zirela hango mendi, ibai eta lurren izenen artean. Ezin nuen sinetsi oraindik ere benetan Andorrako Printzerriaren Gobernuak proiektua finantzatzen zuela eta Valira ibaiaren ertzetan egon zitezkeen aztarna euskaldunak berreskuratu eta zaindu nahi zituela.
Andorran duela mende piloa galdu zuten euskara, eta gelditu zaien apurra berreskuratu eta zaindu nahi du hango gobernuak. Gurean euskara bizirik dugu oraindik ere (Sakana da haran euskaldun zahar hegoaldekoena) eta Nafar Gobernuak desagerrarazi eta hil nahi du.
Benetan lotsagarria. Andorrako eta Nafarroako Gobernuen kultura maila ezberdinen adierazle. Andorran katalana zaindu eta euskararen aztarnak berreskuratu nahi dituzte… Nafarroan, aldiz, euskarari erasotzen diote behin eta berriz eta gure altxorra errekara bota nahi dute hondatu dadin… A zer lotsa! A zer nolako ezjakin oies hezigabeak!