Sakanako Triatloi Taldearekin federatu nahi dutenek zabalik dute eskaera egiteko epea. Lizentzia atera nahi duenak ondoko posta elektronikora bideratu beharko du eskaera. sakanatri@gmail.com. Bertan egin beharrekoaren informazio guztia jasoko du. Bestela, ondoko telefonora jo daiteke: 649 446 094 (Felix). Lizentzia honekin Euskal Herrian edo bertatik kanpo antolatutako triatloi probetan parte hartzeko aukera izango dute triatletek.
Triatleten parte hartzea bulkatzeko, TriI.Tri-Challenge Sakana
Partaidetza bulkatzeko Sakanako Triatloi Taldeak I.Tri-Challenge Sakana antolatu du helduen mailan. Bertan kadetetik aurrerako kategorietako triatletek hartu ahal dute parte. Helburua triatletak inguruko, estatuko edo nazioarteko probetan parte-hartzea bulkatzea da. Izan ere, duatloi, triatloi eta akuatloiko proba guztiak puntuagarriak izango dira.
Autonomia erkidegoetako proba arruntek puntu bateko balioa izango dute, autonomia erkidegoetako txapelketa absolutuko probek 2 puntuko balioa, Estatuko egutegiko proba arruntek 2 puntuko balioa, Espainiako txapelketako probek 3 puntukoa eta nazioarteko probek 3 puntuko balioa.
Horrela, probetan parte hartzeagatik puntuak pilatuko dituzte triatletek eta Sakana Triatloi Taldeak ondoko sariak banatuko ditu: 2015eko kuotan eta lizentzian deskontuak, klubaren ekipamendua erosteko deskontuak, deskontu txartela, klubaren laguntzaileei kirol materiala erosteko, osasun azterketak edo esfortzu probak egiteko deskontuak, 2015eko probetan izena emateko deskontuak eta beste sari batzuk. 2014ko I.Tri-Challengean parte hartu nahi duten triatletek abenduaren 1a baino lehen ekarri beharko dute euren proben zerrenda, bakoitzak berea prestatu behar baitu.