Nafarroan 6 Kirol Mankomunitate daude, tartean Sakanakoa. Nafarroako Gobernuaren ekimenez sortu ziren mankomunitate hauek, 90. hamarkadan, herritarrei kirol praktika egiteko aukera eta eskubidea eskaintzeko, bereziki toki erakunde txiki eta ertainetan eta landa-eremuan. Urtero Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak kirol aktibitateak bulkatzeko diru partida zehazten zuen Kirol Mankomunitateen jarduna babesteko, baina azken urteetan izugarri jaitsi da. 2011an Nafarroako Gobernuak ez zuen diru-laguntza hori exekutatu eta 2012an partida atera zuten: 100.000 euro 2011ko gastuak estaltzen laguntzeko eta 150.000 euro 2012rako. Partida bi urtetan banatu zuten. 2013rako 180.000 euroko partida zegoen baina ez dute deialdirik atera eta 2004rako ez dago esaterik partidarik ere egongo den. Horrek kinka larrian jarri ditu mankomunitateak. “Diru-laguntzarik ezean landa eremuetako eskualdeetan kirol zerbitzu publikoak arriskuan daude” adierazi dute.
Izan ere, mankomunitateek 85.000 biztanleri ematen diote zerbitzua Nafarroan. Kirola sustatzen dute: hainbat kirol ekitaldi antolatzen dituzte, ikastaroak, herrietako kirol klubei laguntza ematen diete, herri kirolak sustatu eta abar. Udalak, erabiltzaileek ordaindutako kuotak eta Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza dira euren diru iturri nagusiak. Aurreko urte hasieran diru-laguntzetarako diru partida zehaztu zuen Nafarroako Kirolaren Institutuak, eta, horregatik, mankomunitateek ohiko programazioa antolatu zuten. Baina urte bukaeran ez zen partida gauzatu eta gastuak estali eta justifikatzeko makina bat arazo dute mankomunitateek.
Egoera salatzeko, Nafarroako 6 Kirol Mankomunitateek Nafarroako Parlamentuko ordezkari politikoekin bildu ziren eta Bildu-Nafarroak, Aralar-NaBaik eta Geroa Baik euren eskaerei baiezkoa eman zieten. Hiru taldeek eskatuta, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari Pruden Indurain Nafarroako Parlamentuko Gizarte Politika batzordean izan zen azalpenak ematen, eta berak azaldu zuenez, “lehentasunak ezarri dituzte” institutuan. “Nahiz eta Kirol Mankomunitateei emandako laguntza garrantzitsua izan, ez da beste batzuk bezain inportantea” aipatu zuen Indurainek.
Atxikimenduak bildu
Nafarroako Gobernutik diru-laguntzarik emateko borondaterik ez dagoela ikusita, astelehenean 6 Kirol Mankomunitateetako ordezkari eta teknikariak Bildu-Nafarroa, Aralar-NaBai eta Geroa Baiko parlamentariekin bildu ziren astelehenean. Aipatu parlamentariek mozio bat prestatu behar dute, Nafarroako Udaletara bideratuko dutena, Kirol Mankomunitateei elkartasuna adieraziz eta diru-laguntza hori jaso dezatela eskatuz. “Udalen atxikimenduak jasotzea da kontua, gero gaia Nafarroako Parlamentura eramateko. Gertatzen ari dena gizarteratu nahi dugu, mundu guztiak jakin dezan diru-laguntzarik gabe utzi gaituztela. Ea horrela gehiago presionatu ahal dugun. Aralar-NaBaiko Asun Fernandez de Garaialde Lazkano parlamentariak esan zuen moduan, kalea mugitzea da helburua” adierazi digu Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.