Iruñea Iparraldeko Institutuko Batzordea (Sanduzelai, Patxi Larrainzar, Amaiur, Auzalar, Lekunberri eta Atakondoa guraso elkarteak) bi urte luze darama ikastetxe horretan dagoen espazio falta salatzen. Batzordetik eraikinaren gaitasunaren gainetik ikasle kopuru handia jasotzen duela salatu dute behin eta berriz. Konponbidea ere proposatu dute: Iruñea iparraldean D ereduko institutu berri bat egitea.
Ikasturte honetan 30 gimnasia klase daude ikastetxean eta haietatik 19tan bi klasek bat egiten dute. Eta hainbat talde ekitaldi aretoan edo aterperik ez duen patioan aritu dira soin heziketa egiten. Bestalde, ikastetxea 24 ikastalde hartzeko prest dago eta aspaldi muga hori betea du. Hurrengo urteetako matrikulazio aurreikuspenak argi uzten dute ikastetxea txiki gelditu dela. Horregatik, Hezkuntza Departamentuak erabaki du heldu den ikasturtean Batxilergoko ikasleak ondoko Donibane ikastetxera lekualdatzea.
Batzordeko kideek Hezkuntza Departamentuak hartutako neurriak adabaki hutsa direla salatu dute. “Gure hezkuntza ereduarekiko interes falta erakusten du. Orain arteko jokabideak eta kudeaketak hezkuntza publikoa ito larrian uzten du, ez baitute ahaztea nahi”. Gaineratu dutenez, hartutako neurriak ez dira konponbidea. “Profesionalen programazioaren hezkuntza kalitatea murrizten du, espazio eta ordutegien koordinazioan, ateak zabaldu-itxieran, errepideak gurutzatzean denbora gehiago eman behar dute”.
Eskaera Irurtzunen
Atakondoa eskola publikoko hezkuntza komunitateak eta Irurtzungo Udalak urteak daramatzate ikastetxe berri bat eskatzen Irurtzunen. Gaur egun 4 gela moduluetan ematen ari dira. Ikasle kopuruaren hazkundeari erantzuteko eskatzen dute ikastetxe berria. Baina baita DBHko ikasketa guztiak Irurtzunen egin ahal izateko. Hezkuntza Departamentuak ezezkoa eman die behin eta berriz. Txiki Iriartek esan digunez, “departamentuak ez du ez azpiegituran eta irakaslerian inbertitu nahi eta horregatik ezezkoa ematen digu”.