Ostegun Sozialetan parte hartzeko deia egin dute

Guaixe 2014ko otsailaren 6a

Euskal Herriko eskubide sozialen karta egiteko antolatu dute dinamika

Gaur hasita, hurrengo bost asteetako ostegunetan Ostegun Sozialak dinamika indarrean izanen da Sakanan. Euskal Herriko Mugimendu Sozial eta Sindikalen lehen Asanbladak sustatu du Euskal Herriko eskubide sozialen kartaren erredakzioa. Eta horren harira eragileek Sakanan Ostegun Sozialak dinamika sustatu dute, ekarpenak jaso eta “Euskal Herriak behar duen alternatiba sozial eta ekonomikoa garatzeko”.

Gutun horretan langile-klasearen eta herritar-sektore zabalen (gazte, adineko, emakume, etorkin, maila funtzional ezberdineko pertsonak…) helburu eta aldarrikapen sentituenak jasoko ditu. Horretarako azpitik gorako eredu parte-hartzailea sustatu dute. Gutunaren sustatzaileek adierazi dutenez, “Gaurko testuinguruan, non eskubide sozialen eta bestelako eskubideen eraispena jasaten ari garen, ezin gara etxean geratu”.

Horregatik, Sakanako gizarte mugimendua eta herritar guztiak jardunaldi horietan parte hartzera deitu dituzte; “eredu sozioekonomiko berri baten oinarriak ezartzeko, guztioi bermatzeko Euskal Herriko baliabideetan eta sortzen den aberastasunean parte izateko bidezko aukera”.


Egitaraua
Eskubide ekonomikoak
(Politika fiskala, finantza sistema, prestazio sozialak, aurrekontuak)
Otsailaren 6an, ostegunean, 19:00etan Irurtzungo kultur etxean

Eskubide sozialak
(Osasuna, hezkuntza, etxebizitza, bizitzaren mantentzea)
Otsailaren 13an, ostegunean, 19:00etan Etxarri Aranazko kultur etxean.

Lurralde eta ingurumen eskubideak
(Lurraldearen berrantolaketa soziala, ingurumen eskubideak, elikadura burujabetza)
Otsailaren 20an, ostegunean Olatzagutiko kultur etxean.
 
Lanari loturiko eskubideak
(Lanaren banaketa, enplegu duin eta kalitatezkoa edukitzeko eskubidea. Indarkeria gabeko bizimodu aske bat emakumeendako)
Otsailaren 27an, ostegunean, 19:00etan Altsasuko Gure Etxea eraikinean.

Hizkuntza eskubideak, jatorri aniztasuna, eskubide kulturalak, aniztasun sexuala, parte hartzea
Martxoaren 6an, ostegunean, 19:00etan Lakuntzako udaletxean.