Sakanako bi talde Bardoak lehiaketan

Guaixe 2014ko urtarrilaren 31

Aurten ez da Nafarroako Bertsolari Txapelketarik izanen eta hari lekukoa Bardoak, Nafarroako taldekako bertso ekimenak, hartuko dio. Bardoak ekimenaren bigarren edizioa izanen da aurtengoa, auzolanean oinarritutako txapelketa.
Duela bi urte bezala, Nafarroako bertso-eskoletatik abiatuta eginen da lehiaketa, bertso-eskolen sarea indartzeko. Talde-lana ardatz, bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritu eta gune berriak barneratzea da helburu.

Otsailaren 7an hasiko dira bardoak kantatzen eta lehia apirilaren 12ra arte luzatuko da. Nafarroako Bertsozale Elkartetik aurreratu digutenez, Sakanako bi talde ariko dira txapelketan: Bilixkorriko eta Bizkorratxiko. Gainera, txapelketako aurreneko egunean Arbizun saioa izanen dute bi taldek, Bizkorratxiko eta Leitzako Harrapazank. 22:00etan izanen da, Arbizuko Argibide elkartean.