Zeraingo Zerralan kooperatiban zerratuko dituzte XVI. mendeko San Joan baleontzia eraikitzeko erabiliko diren enborrak. Sakanan pasa den urtean moztu eta Zeriaingo zerrategira eraman ziren 200 haritz enbor dira erabiliko direnak XVI. mendeko San Joan baleontziaren errepika egiteko.
Zerratze lanak hasiak dira eta hainbat aste beharko dira lanak despeditzeko. Zerra-lanetarako bi langile sakandar kontratatu dituzte. Bi motako enborrekin lan egin beharko dute. Batzuk makurrak dira eta itsasontziaren egitura egiteko balio dute. Besteak, tantaiak edo zuzenak egitura hori kanpotik ixteko izanen dira. Enborrak moztu ahala Pasaia Ondartxo olara eramanen dituzte, Albaolaren egoitzara, baleontzia han eraikiko baitute. Apirilean hasi nahi dute egiteko horretan.
Lanak gaur aurkeztu dituzte, zerrategian bertan. Ekitaldian, Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendari orokorrak, Xabier Agote Albaola itsas faktoriako presidenteak, Garazi Urrestarazu Altsasuko alkateak eta Andoni Alustiza Zerain Dezagun fundazioko lehendakariak parte hartu dute. Jon Maia egitasmoaren arduraduna ere bertan izan da.
Enbaxada mugikorra
Donostia 2016 Europar Kultur Hiriburutzako proiektuaren egitasmo nagusia XVI. mendeko San Joan baleontziaren eraikuntza. Enbaxada mugikorra izanen da. Itsasontziaren eraikuntza prozesuari balioa emateko elkarlana eta harreman sarea berriak sortu nahi izan dituzte.
Albaolako Xabier Agotek adierazi duenez, prozesuan “Euskal Herri itsastarra osatzen zuten lanbide, industria, hornitzaile eta kolaboratzaile sarea dinamizatu nahi du, kostaldetik haratago hedatzen zen industria eta lanbide sarea ikustaraziz”.
Itsasorako zuraren bidea
Euskal ontzigintzaren urrezko aroa azaltzeko barruko aldetik kostaraino doan “bidea” osatu nahi dute proiektuaren sustatzaileek. Bidea Sakanan hasiko da, ontzigintzan erabiltzeko basoak nola kudeatzen ziren erakutsiko duen ibilbide batekin. Aurten eginen dute. Altsasun egonen da, Dantzalekura iritsi aurretik dagoen aldapan, ezkerretako bide batetik abiatuko litzateke eta Usolarrainen bukatuko litzateke.
Sakanako hariztietan azalpenak jaso ondoren, Zerain zerrategioa, Beasain edo beste herrietako oletatik pasaz Ondartxo ontziolan bukatuko du interpretazio ibilbideak. Herrietako museo eta bestelako baliabide turistikoak hartuko lituzkeen sarea osatzeko aukera legoke.
Baleontzia
22 metro luze, 7,5 metro zabal eta 200 tonako pisua izanen du baleontziak. San Joan baleontzia 1.563an eraiki zuten Pasaian eta bi urte geroago hondoratu zen, Kanadako Red Bayn. Hantxe jarraitzen du gaur egun. Unescoren munduko urpeko ondarearen zigiluan agertzen da baleontzia.
Zerralan zerrategia
Zerain, Segura, Zegama, Idiazabal eta Mutiloako baserritarren kooperatiba bat da Sakanako enborrak moztuko diren tokia. Etxerako egurra mozten dute, batik bat. Zerrategi arruntak ezin dira Donostia 2016ren beharretara egokitu eta, gainera, egitasmo honen helburuetako bat herritarrak inplikatzea da. Hori dela eta, zeraindarrengana jo zuten. Hauek baiezkoa eman zieten eta dagoeneko lanean ari dira.