Atzo, ostegunean, Rural Kutxa-Seguros RGA taldearen aurkezpena egin zen bete betea zegoen Iruñeko Baluarten. Juan Mari Guajardo altsasuarrak egin zituen aurkezpen lanak. Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko ordezkariak izan ziren ekitaldian eta baita taldeen babesleak eta zale ugari.
Rural Kutxa Sakanatik sortutako taldea da. Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesionalaren 5. urtea izango da aurtengoa. Hala ere, taldeak 1992tik ditu talde amateurrak eta kategoria txikikoak. Talde profesionala 20 txirrindulariz osatuta dago eta 26 urteko bataz bestekoa du. Gaztetasuna eta heldutasuna tartekatzen ditu. Ruben Fernandez, Francesoco Lasca edo Fernando Grijalba bezalako gazteak, Luis Leon Sanchez, Amets Txurrruka edo David Arroyorekin batera ariko dira. Soilik txirrindulari nafar bat izanen du Rural Kutxak: Javier Aramendia.
Aurkezpenean ezin izan zen Rural Kutxako presidente Floren Esquisabel egon, ebakuntza bat dela medio. Bere tokian Juanma Hernandez managerrak hartu zuen hitza. Denboraldi berrirako taldearen espektatibak “ilusioa” eta “baikortasuna” direla nabarmendu zuen. Taldearen helburu nagusiak probetan “presentzia izatea” eta “Vueltan egotea” direla gaineratu zuen Hernandezek. “Ziur nago txirrindulariek %100a emango dutela. Espero dut zaleek zuen babesa ematea” eskatu zuen. Luis Leon Sanchezekin kalitatezko saltoa eman du taldeak. “Txirrindulari irabazle bat izateko fitxatu dugu eta badirudi denborak eta lasterketek arrazoia emango digutela” esan zuen, bere aldetik, Eugenio Goikoetxeak.
Sakandar bat talde amateurrean: Odei Juango lakuntzarra
Rural Kutxaren oinarria harrobia da; txirrindulariak sortzea da bere filosofietako bat. Horrela, talde nagusiarekin batera Rural Kutxa afizionatuen taldea aurkeztu zuten Baluarten. 17 txirrindularik osatuko dute taldea eta soilik 3 dira nafarrak: Josu Zabala, Migel Indurain, Indurain handiaren semea, eta Odei Juango lakuntzarra.
2014 denboraldia
Rural Kutxa afizionatuak
Arnau Soé, Asier Unanue, Cristian Rodriguez, Daniel Lopez, David Civera, Francisco José Medina, Hector Sáez, Igor Romero, Iker Azkarate, Jesus Alberto Rubio, Josu Zabala, Juan José Tamayo, Marcos Altur, Migel Angel Benito, Migel Indurain, Odei Juango eta Jonathan Lastra.
*2010ean 42 garaipen, 2011n 55 garaipen, 2012an 25 garaipen eta 2013an 20 garaipen
Rural Kutxa talde profesionala
Antonio Piedra, Fabricio Ferrari, Francesco Lasca, Javier Aramendia, Karol Domagalski, Marcos Garcia, Amets Txurruka, David Arroyo, Omar Fraile, Ruben Fernandez, Ramon Domene, Fernando Grijalba, Antonio Molina, Angel Madrazo, Lluis Mas, Pello Bilbao, Heiner Parra, Davide Vigano, Iban Velasco eta Luis Leon Sanchez.
Zuzendariak: Eugenio Goikoetxea eta Jaime Garzon.
* Rural Kutxa talde profesionalak 5 garaipen lortu zituen 2010ean, 2 garaipen 2011n eta 8 garaipen 2012an. 2013an Errioxako Itzulia (Lasca), Asturiaseko Itzulia (Txurruka) eta Vueltako lehiakortasun saria (Aramendia) lortu zituen.