Sorpresaren bi aurpegiak

Guaixe 2014ko otsailaren 3a

Zabaletak eta Ezkurdiak sekulako partida egin zuten. Argazkia: EITB.
Ezkurdiak eta Zabaletak Olaizola eta Begino menpean hartu zituzten partida ikusgarrian. Aldiz, Titin eta Merinoren kontra galdu zuten Xalak eta Zubietak, partida arraroan.

Binakako txapelketa ez da oraindik erabaki, inola ere. 7 jardunaldi jokatu dira. Olaizolak eta Aretxabaletak 6 puntu dituzte, Irujo eta Barriolak 5 eta gainontzeko biko guztiek, Ezkurdia eta Zabaleta izan ezik, hiru puntu. Bi puntu ditu biko sakandarrak. Hortaz, guztiz zabalik dago txapelketa. Emozioa pil-pilean dago hasierako ligaxkako bigarren itzulia hastear den honetan. Beste 7 jardunaldi geratzen dira eta edozer gerta daiteke.

Ezkurdia-Zabaleta bizirik daude
Ezkurdia eta Zabaletak ez zuten batere ongi hasi txapelketa, hasierako bost partidak galdu baitzituzten. Xala eta Zubietaren kontra irabazi eta gero, konfiantza berreskuratu dute eta larunbatean sekulako sorpresa eman zuten, 20-22 irabazi baitzieten Aimar Olaizola eta Aretxabaleta ordezkatzen zuen Beginori. Labrit beteta, giro paregabea, zaleak alde eta ikuskizun paregabea. Hori izan zen panorama.

Jose Jabier Zabaletak sekulako errezitaldia eman zuen eta izugarri eman zion pilotari. Pilota gogoz astindu zuen, erreboteraino bidaliz. Jokoa atzera bideratzea izan zen sakandarren estrategia eta bete betean asmatu zuten. Gozamen hutsa izan zen Zabaleta lanean ikustea. Olaizola saiatu zen pilota erauntsi hori eteten, baina ez zuen aukera gehiagorik izan errematerako eta izan zituen aukerak ez zituen ohi duen bezain ongi aprobetxatu. Ezkurdiak, gainera, ondo defendatu zuen. Erasoan ez zen gehiegi luzitu arbizuarra, bizpahiru bi pareta ikusgarri izan ezik. Baina bi sakandarrak bikain ulertu eta lagundu zuten elkar eta erritmo handia ezarri zioten partidari.

Bi bikoak parez pare aritu ziren eta tantoak luzeak izan ziren, oso lehiatuak. 16-12 aurreratu ziren Olaizola eta Begino baina sakandarrek buelta eman zioten. Beginok ez zuen partida txarra jokatu, baina Zabaletaren erakustaldiaren kontra ein izan zuen. 20ko berdinketaren ondoren, Zabaletak bi zartako ikusgarri eman zizkion pilotari eta horrela irabazi zuten partida. Sakandarrek lehian jarraitzen dute.

Zubieta jokoa ezin berreskuratu
Arraroa izan zen igandean Adarragan jokatutako partida. Hasieran errioxarrak 4-2 aurreratu ziren. Xala eta Aitor Zubieta ez zeuden eroso errioxarren pilotarekin, baina Titinen akats baten ondoren sakea berreskuratu, eta mugitzea gehiago kostatzen zen pilota batekin koska ederra atera zieten errioxarrei, 5-11 aurreratuz, lapurtarraren erremate bikainei esker. Ongi aritu zen Xala aurrean. Baina hortik aurrera, sakearen aldaketa ematen zen bakoitzean, pilota aldatu eta tantoak alde batera edo bestera erortzen hasi ziren. Azkenean, 12-15 gerturatu ziren errioxarrak, gero 15era berdindu zuten eta hortik aurrera Xala eta Zubieta gainditu zituzten: 17-16, 19-17… Aitor Zubietak ez zuen asmatu Titini airea kentzean eta hor hasi zen Titinen erremate festa. Errioxarrek euren pilota biziagoari sekulako zukua atera zioten. Nahiz eta aurrean Xala Titin baino hobeto aritu, atzeko koadroetan Merinok maila bikaina eman zuen eta etxarriarra dominatu zuen. Zubietak akats gehiegi egin zituen eta badirudi oraindik ez duela bere jokoa berreskuratu. Hala ere, 20-19ra gerturatzea lortu zuten Xalak eta Zubietak, baina zortea errioxarren aldekoa izan zen, eta, azkenean, 22-19 gailendu ziren.

Bigarren itzuliak dakarrena
Binakako hasierako ligaxkako itzuliko jardunaldia abiatuko da asteburuan. 8. Jardunaldia dago jokoan. Urrutikoetxea eta Beroiz izanen dituzte aurkari Ezkurdiak eta Zabaletak. Ea biko sakandarraren bolada onak jarraitzen duen eta puntuak pilatzen jarraitzen duten. Faroltxo gorria atzean uzteko aukera izan dezakete. Bestalde, Xala eta Zubieta Olaizola II.a eta Aretxabaletaren kontra ariko dira. Sakandarren kontra galdu eta gero minduta egonen dira Olaizola eta Aretxabaleta eta garaipena lortu nahiko dute. Xala eta Zubieta, bere aldetik, egoerari buelta eman eta irabaztera derrigortuta daude. Ea nahasmen honek guztiak lapurtarrari eta etxarriarrari mesede egiten dien. “Galdu arren eskuetako sentsazioak onak izan dira! Bigarren itzulian goraka inen dugu ziur! Milesker jarraitzen nauzuen danoi! Aupa!!!” idatzi du atzelari etxarriarrak twitterren. Ea horrela den.

Sailkapena
Sailkapena estu-estu dago. Olaizola II.a-Aretxabaletak 6 puntu dituzte, Irujo-Barriolak 5 puntu, Bersaluze II.a-Albisuk, Titin III.a-Merino II.ak, Xala-Zubietak, Bengoetxea VI.a-Zabalak eta Urrutikoetxea-Beroizek hiruna puntu eta Ezkurdia-Zabaletak 2 puntu. Hortaz, fina laurdenetara sailkatzeko aukerak zabalik dituzte biko guztiek.

8. jardunaldia
Urrutikoetxea-Beroiz / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, 20:15ean,Arrigorriagan. ETB1)
Olaizola II.a-Aretxabaleta / Xala-Zubieta (larunbatean, 17:15ean, Gasteizen. NITRO)
Berasaluze II.a-Albisu / Irujo-Barriola (igandean, 17:00etan, Bilbon. ETB1)
Titin III.a-Merino II.a / Bengoetxea-Zabala (igandean, 17:30ean, Tafallan)